Komikilari nafarraren azken komiki albumaren aurkezpena izango da igandean, 12:00etan, Getariako San Prudentzio auzoko ermitan. Hitzordua baliatuz, Antxo eta Ohianartek hainbat esketx eskainiko dituzte, eta bertso musikatuak ere izango dira, auzoko Libe eta Danel bertsolari gazteen eskutik. Komikiaren inguruan solasteko tartea ere hartuko dute aurkezpenaren ondoren. San Prudentzioko Lagunek antolatu dute aurkezpena, eta auzokoak nahiz inguruko herrietakoak gonbidatu dituzte auzora.
«Parodia satiriko» moduan deskribatzen du Urmenetak lan berria. Euskal Herriak bizi duen egoeraren inguruko irakurketa kritikoa egiten du, umorean oinarrituta. Lanaren izenburuan iradokitzen duen bezala, esklabo hitzarekin jokatzen du Euskal Herria aipatzerakoan. Parodia ere lantzen du idazle nafarrak bere lan berrian.
Intzura Handia uhartean kokatu du istorioa, Euskal Herriaren erdigunean dagoen Bidasoa ibaiaren bokalean. Bertan bizi dira Defoeren pertsonaiak. Robinson Crusoe nagusituko da irlaz eta birbataiatu egingo du Faisan(e)s Island gisa.
Crusoeren nobela hartzen du oinarri horretarako, eta Euskal Herriaren parodia batekin nahasten du. Kezka eragiten dioten gaiak jorratzen ditu argitalpen berrian. Era horretan, umoretik hasi eta bere frustrazio nahiz buruhausteak kitatzeraino iristen da Urmeneta.