Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea txosnagunean, Salbatore jaietan. (Argazkia: Getariako Eskubide Sozialen Karta)
Hil honetan hasi eta martxora bitartean, hilabeteko azken ostegun edo asteazkenetan feminismoa ezagutzeko, gaiaren inguruan hitz egiteko eta sakontzeko formazio saioak antolatu dituzte Getarian.
Getariako Eskubide Sozialen Kartak azken hilabeteotan mahai gainean jarri dituen hainbat gairi jarraipena eman nahi diete saioen bitartez. Euskal Herrian eta Getarian ematen diren «jokaera matxisten» inguruko kezkak hausnartzeko espazioa ireki nahi dute, bide batez, mugimendu feministak proposatutako eredu politiko eta sozialak aztertzeko.
Antolatzaileen ustez, mugimendu feminista ez da modu bidezkoan tratatua izan, baina bai «ahaztua eta erabilia». Feminismoaren elkarrizketa zabaltzeko eta feminismoaren inguruko tabuak, beharrak eta galderak azaleratzeko baliatu nahi dituzte saioak. Gaian jakintza izatea beharrezkoa ez dela azaldu dute: «Feminismoaz gehiago edo gutxiago jakin, ikastaro hau guztiontzat baliagarria izango da, eremu desberdinen lanketarekin denok izango dugulako zer eman eta zer jaso».
Edukiak, modu praktikoan
Formakuntzaren, ikerketaren, dokumentazioaren eta ekoizpenaren bitartez, pentsamendu feminista sustatzen duen Emagin elkarteak izango du saioak dinamizatzeko ardura, edukiak modu praktikoan eta kolaboratzailean landuz. Sistema patriarkalaren egituraketa, ekonomia feministaren oinarriak, zaintza, eredu patriarkalaren iruditeria, biolentzia matxista eta mikromatxismoak izango dituzte hizketagai, besteak beste.
Saioak emakumeei zuzendu dizkiete, baina landuko dutena gainontzeko generoetatik kanpo ez dela geratzen uste dute antolatzaileek. Beraz, «gizarteak sortzen dituen desberdintasun sozial, politiko eta ekonomiko sesgatu eta osagabeei» begiratu nahi dien edonor gonbidatu dute parte hartzera.
Ikastaroa antolatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdinbideren eta Getariako Udalaren finantzaketa izan du Eskubide Sozialen Kartak. Bihar izango da izena emateko azken eguna, eta doan egin ahal izango da, Harritarten. Ikastaroaren jarduera zaintze aldera, hogei plazara mugatu dute.
Mugimendua aktibatzera
Martxoaren 8ko grebaren ondoren hartu du bere bidea Getariako Mariñak talde feministak. Mirene Begiristain Eskubide Sozialen Kartako eta talde feministako kidearen hitzetan, aktibazio hori bultzatu eta ikuspegi feminista txertatze aldera antolatu dute formazioa.
Formazio feminista
URRIAK 24, ASTEAZKENA
18:30-20:30.Nola egituratzen da, gaur egun, patriarkatua? gaiaz.
AZAROAK 29, OSTEGUNA
18:30-20:30.Nola jarri bizitza erdigunean? Ekonomia feministaren oinarriak.
ABENDUAK 20, OSTEGUNA
18:30-20:30.Nola zaindu elkar?
URTARRILAK 31, OSTEGUNA
18:30-20:30.Iruditeria kolektiboetan zanbuia.
OTSAILAK 20, ASTEAZKENA
18:30-20:30.Nola egin aurre biolentzia matxistari?
MARTXOAK 28, OSTEGUNA
18:30-20:30.Burujabetza feministarantz.