Etxebizitza sustapen berria adostu du Getariako Udalak Sahatsaga Goiko lursailen jabe den Amenabarrekin. 30 etxe libre aurreikusten ziren eremuan 60 etxebizitza eraikiko dituzte: 20 babes ofizialekoak, 20 tasatuak eta beste 20 libreak.
Babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen sustapenean interesa izan dezaketen guztiek Etxebiden izena emanda egon beharko dute ezinbestean. Informazio guztia etxebide.eus webgunean dago argitaratuta. Horrez gain, udaletxean eskuratu ahal izango dira inprimakiak. Gaurtik hasita, urriaren 16ra arteko epea izango dute herritarrek izena emateko.
Etxebizitza librean interesa dutenek, aldiz, zuzenean Amenabarrekin jarri beharko dute harremanetan.
Baldintzen ordenantza
Etxebizitza sustapenean interesatuta daudenek zein baldintza bete behar dituzten arautzeko ordenantza prestatzen ari da udala. Urtea amaitu aurretik amaitzea espero dute, eta orduan emango dituzte azalpen zehatzak.