Getariako Salbatore Biatloia jokatuko dute bihar eguerdian

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 14a

550 metro igerian eta 3.500 metro lasterka osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Gaztetxoek Biatloi Txikia jokatuko dute ordubete lehenago, Malkorbe hondartzan.

Probaren hasiera, iaz, Malkorbe hondartzan. (Argazkia: Aiora Larrañaga Solabarrieta) Getariako Udalak antolatuta, XVII. Salbatore Biatloia jokatuko da bihar. 12:00etan hasita, igeriketan 550 metrotako ibilbidea egin ondoren, 3.500 metro lasterka osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Helduen saioaren aurretik, ordubete lehenago, Biatloi Txikian parte hartuko dute 9 urtetik 15 urtera bitarteko gaztetxoek. Hamazazpi urte daramatza Getariako Udalak proba antolatzen. Uztailean hasten dituzte kirol probak eskatzen dituen antolaketa lanak. Aurten, lehenbizikoz, igeriketa eta lasterketa proba erreleboka osatzeko aukera eman diete kirolariei. «Batzuk hobeto ibiltzen dira igerian, eta beste batzuk nahiago dute lasterka egin. Parte hartzeko aukera zabaldu nahi genuen era horretan», azaldu du Erun Ortiz udaleko kultur teknikariak. Malkorbe hondartzan irtengo dute, eta 550 metro igerian egin ondoren, herrigunea zeharkatuko dutelasterka, 3.500 metro osatuz. Proba herrikoia izan arren, herriguneko aldapek «gogorragoa» egiten dutela azaldu du Ortizek. Aurreko urteetan uztailean jokatzen zuten proba, baina irailera atzeratzea erabaki zuen iaz udalak. Parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko hartu zuten erabakia, azken urteetako bisitari eta ibilgailu kopurua handia dela kontuan izanda. Herriko talde eta eragile ugariren laguntza izaten dute, eta eskertuta agertu da Ortiz guztien laguntzarekin: «Zikloturistak, Gaztetape Surf Elkartekoak, Getaitri Triatloi Klubekoak eta beste zenbait norbanakok lagunduko digute egunean bertan». Guztira, hogeita bost pertsonatik gora izango dira lanean herriko puntu ezberdinetan bihar eguerdian. Atzo eguerdira arte, 70 kirolari baino gehiagok zuten izena emanda Getariako biatloirako. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena, proba bakarka osatu nahi dutenek 10 euroren truke, eta erreleboka parte hartzeko 15 euro ordainduta. 120 kirolari izango dira gehienez ere, eta probaren egunerako gehienezko kopuru horretara iristen ez badira, izena emateko aukera zabalduko dute. 11:00etatik 11:30era jarriko dute izena emateko postua, udaletxeko arkupetan. Egunean bertan biatloirako izena ematen dutenek, aurrez baino 5 euro gehiago ordaindu beharko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Helduen proba hasi baino ordubete lehenago jokatuko dute 9 eta 15 urte bitartekoek igeriketa eta lasterketa proba, Malkorbe hondartzan. Bi txandatan lehiatuko dira: batetik, 9 urtetik 11 urte bitartekoek 75 metro igerian eta 250 metro lasterka egingo dituzte. Bestetik, 12 eta 15 urte artekoek, 150 metro igerian eta 500 metro lasterka egingo dituzte. Aurrez, Turismo Bulegoan eta egunean bertan, hondartzan eman daiteke izena, doan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide