Salbatore Pilota Txapelketako finalista guztiak, sariak jaso ondoren. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
Azken hiru hilabeteetako lehiaren ondoren, atzo jokatu zituzten Salbatore deunaren XXI. Pilota Txapelketako finalak, frontoian. Beroak ez zuen herritarrak gerturatzea eragotzi, eta partiduek iraun bitartean, frontoi inguruan izan ziren. De La Fuentek eta Azpirozek osatutako bikotea gailendu zen kadeteetan, markagailua 22 eta 6 utzi baitzuten Sein - Aburuza bikotearen aurka. Estuagoa izan zen lehia jubeniletan, eta azkenean, Etxanizek eta Gartziak irabazi zuten Seinen eta Azpirozen aurkako partidua. 22 urtez azpikoen kategorian, aldiz, Zubiria eta Bikuña bikotea izan zen garaile. 22 eta 8 irabazi zieten Adonis - Arangureni.
Partiduak bukatu bezain laster ekin zioten sari banaketari. Bertan izan ziren, besteak beste, Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidentea, Nika Lertxundi alkatea eta Xegundo Alkorta Salbatore Pilota Txapelketaren antolatzailea. Sariak eman aurretik, Lertxundik esker hitzak izan zituen Gure Txeru elkartearentzat, eta batik bat, Alkortarentzat.
Maiatzaren hasieran abiatu zuten XXI. Salbatore Pilota Txapelketa. Kadete, jubenil eta 22 urtez azpiko 144 bikotek hartu dute parte aurtengoan, tartean, Urola Kostako hainbat pilotarik.