Nika Lertxundi eta zinegotziak, udaletxeko arkupean. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
Getariako Musika Bandaren dianarekin hasi dute Salbatore Eguna Getarian. Abesbatzaren laguntzaz meza izan da parrokian, eta ohiturari eutsiz, ohorezko agurra dantzatu du ondoren Nika Lertxundi alkateak Gudarien enparantzan. Txistu doinuekin batera irten dira udaleko zinegotziak eta alkatea. Herritarrek txaloz erantzun diote Lertxundiri, eta banan-banan besarkatu ditu zinegotziak eta txistulariak.
https://youtu.be/s-JiTcL8bQs
Jai giroan jarraitzeko ekitaldi andana izango dira gaur; besteak beste, Salbatore Deunaren XXI. Pilota Txapelketako finalak, Ekain Txouren ikuskizuna eta Afrika mendebaldeko dantza eta perkusio emanaldia. Gauean, La Jodedera taldea arituko da plazan, eta Sangre de Mono (reggae) eta Gorpuzkingz (Euskal Trap) taldeek girotuko dute txosnagunea.