Getarian salbatoreak hasi aurreko asteburuan, Elkano pilota txapelketako finalak jokatuko dira

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 27a, 17:34

Larunbat eta igande arratsaldean izango dira esku pilota txapelketetako finalak

Abuztuaren 3an hasiko dira Salbatore jaiak Getarian, Haur eta Gaztetxoen Egunarekin. Aurretik, ordea, festen barruko hainbat kirol txapelketa jokatuko dituzte. Asteburu honetan izango dira horiek. Bihar, larunbata, 09:00etan hasita, Salbatoretako VIII. Futbito Txiki Txapelketa jokatuko da herriko frontoian. Bihar, larunbata, 19:00etan hasita, berriz, haurren binakako V. Elkano Saria esku pilota txapelketako finala jokatuko da frontoian. Benjamin mailan, Bidezabal-Elosegi bikoteak Etxaniz-Segurolaren kontra jokatuko du. Kimuen mailan, nor baino nor ariko dira Aldazabal-Egaña Iturbe-Arrutiren kontra. Infantiletan, berriz, Aranbarri-Larrañaga bikotea Anduaga-Etxeberriaren aurka ariko da. Igandean, 19:00etan hasita, emakumeen binakako II. Elkano Saria esku pilota txapelketako finala jokatuko da. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida Eneritz Arrietak eta Oihana Orbegozok Uxue Osesen eta Maialen Etxegarairen kontra jokatuko dute. Txapela jokoan izango den partida Maite Ruiz de Larramendik eta Olatz Ruiz de Larramendik Leire Etxanizen eta Nagore Aramendiren kontra jokatuko dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide