Orreagako gudaren ikuspegi berritzailea eskainiko du gaur Xabier Irujok San Prudentzion

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 25a

San Prudentzioko Lagunak taldeak antolatuta, 778ko Errozabalko guda hitzaldia emango du gaur Xabier Irujok Getariako San Prudentzio auzoko ermitan, 19:00etan. Orreagako gudaren ikuspegi berritzaile bat eskainiko du Irujok saioan, iturri historikoak eta borroka zelaian egindako indusketak oinarri hartuta. Egun Nevadako Center For Basque Studieseko zuzendaria da. Guda non izan zen, zeinek borrokatu zuen eta 778. urteko kanpaina nola antolatu zen azalduko du hitzaldian Irujok. Egungo bertsioa ezeztatuko du, orain arte erabat ezezagunak izan diren datuen bidez. Besteak beste, garrantzi gutxiko borroka bat izan zenaren eta frankoen ejerzitoaren erretaguardiak erasotzera mugatu zenaren errelatoa gezurtatuko du. Historiaren inguruko hizketaldi saioaren ondoren, eta eguna biribiltzeko, Lapurdiko BBAX kantari taldeak emanaldia eskainiko du San Prudentzio auzoan. Ermitaren atarian mokadutxoak ere jarriko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide