Aurtengo lehorreratzean Iñigo Isasti sartuko da Elkanoren azalean

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 19a

Argazkia: Maria Maya Manterola. Guztia prest du Getariako Udalak abuztuaren 7an Salbatore jaietan egingo den Elkanoren Lehorreratzerako. Udaletxean agerraldia egin zuten atzo Nika Lertxundi alkateak, Ibon Gereka zinegotziak eta lehorreratzean parte hartuko duten zenbait herritarrek, eta aurtengo ekitaldiaren xehetasun guztiak eman zituzten. Urte luzez Manuel Gorostiaga izan da Getariako nabigatzaile ezagunaren azalean jarri dena. Aurten, ordea, Iñigo Isasti izango da lehorreratzeko protagonista nagusia. Agerraldian bertan izan zen Isasti, eta dagoeneko urduri dagoela ere aitortu zuen. Berekin batera, aurtengo tripulatzaile eta kontinenteen ordezkariak ere aurkeztu zituen Lertxundik. Aurtengo lehorreratzerako parte hartzaileak hautatzerako orduan jarraitutako irizpideak gogora ekarri zituen Gerekak. Haren hitzetan, gizartea aurrerapausoak ematen ari den heinean ari dira aldaketak txertatzen. Besteak beste, historikoak ez diren pertsonaietan 23 parte hartzaileetatik 12 izango dira gizonezkoak eta 11 emakumezkoak. Historikoak diren pertsonaiek, aldiz, jatorrizko generoari eutsi diote. Lehorreratzea iragartzeko prestatutako kartela ere erakutsi zuen Lertxundik. Aian agertu ziren Elkanoren idatziak agertzen dira bertan, garai bateko belaontziekin batera. Egunean bertan ezustekoren bat izanez gero, krisi mahaiak izango du kasu horiei erantzuteko ardura: “Lanketa urtearen hasieran abiatu genuen. Azken lehorreratzean, esaterako, telefonoen lineak erori ziren jende asko etorri zelako”, azaldu zuen Lertxundik. Jexux Mari Alvarezek eman zituen krisi mahaiaren gaineko xehetasunak. Besteak beste, Ertzaintzak, Gurutze Gorriak, suhiltzaileek, ETBk, UKUEk, Euskotrenek eta udaleko ordezkariek osatu dute. Horrez gain, Segurtasun Plan Ofiziala Eusko Jaurlaritzaren Babes Zibilean erregistratu dute aurten. Irisgarritasun arazoak dituztenek eta 65 urtetik gorako herritarrek lehorreratzea ikusteko 7x3 metroko pantaila izango dutela jakinarazi zuen Lertxundik, herriko frontoian. Lekua gordetzeko, ordea, Turismo Bulegoan izena ematea beharrezkoa izango da. Bestetik, ETBk lehorreratzea zuzenean emango duela jakinarazi zuen alkateak. Egunean bertan lan egiteko prest dauden herritarrekin zerrenda bat osatzen ari da udala, eta 80 boluntarioren lana beharrezkoa izango dela azaldu zuten udaletik. Nao Victoria, Getarian Juan Sebastian Elkanok munduari bira emateko erabilitako ontziaren erreplika Getarian izango dela jakinarazi zuten joan den astean. Atzo eman zituzten bisitaren gaineko xehetasunak: abuztuaren 3tik 8ra bitartean izango da portuan, eta lehorreratzearen egunean izan ezik, 0:00etatik 21:00etara hura ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide