Bi aste baino gutxiago falta dira dagoeneko Getarian abuztuan ospatzen diren Salbatore jaietarako, eta urtero antolatzen dituzten jardueren berri eman du dagoeneko Getariako Udalak. Gaztetxoentzako zein helduagoentzako txapelketak antolatu dituzte aurten ere, eta datozen egunetan eman beharko dute izena horietan parte hartu nahi duten herritarrek.
Etxeko txikienentzat, esaterako, VII. Futbito Txiki Txapelketa antolatu dute. Salbatore jaien barruan antolatzen dute urtero haurrak futbolean aritzeko sariketa, eta uztailaren 28an izango da aurtengoa. 09:00etan hasiko dituzte partidak herriko frontoian, eta adinaren arabera lau txandetan jokatuko dute. Lehenengoan ariko dira 1. eta 2. mailako haurrak, bigarrenean 3. eta 4. mailakoak, hirugarren txandan 5. eta 6. mailakoak, eta azkenekoan, DBH1 eta DBH2 mailatakoak lehiatuko dira. Taldea gutxienez bost jokalarik osatu beharko dutela zehaztu dute antolatzaileek. Txapelketan parte hartzeko Turismo Bulegora jo beharko da, uztailaren 24a (asteartea) baino lehen.
Gazteek, berriz, sukaldaritzako dohainak erakusteko aukera izango dute abuztuaren 3an egingo den salbatoretako VI. Patata Tortilla Lehiaketan. Bikote parte hartzaile bakoitza 11:00etan hasiko da sukalde lanetan, eta 12:30erako prest izan beharko dituzte patata tortillak. Epaimahaiak tortillaren itxura, zaporea eta sukaldarien jantziak hartuko ditu kontuan; beraz, sukaldarien irudimena eta originaltasuna ere baloratuko dituzte.
Bikote parte hartzaile bakoitzak zartagina, labana, sardexka eta osagaiak nahastu eta buelta emateko beharrezko tresneria eraman beharko ditu lehiaketara. Antolatzaileek eramango dituzte osagaiak: 4-5 patata, zortzi arrautza, olioa, gatza eta suak jarriko dizkiete parte hartzaileei. 14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzendu diete parte hartzeko deialdia, eta uztailaren 27ra arte izango dute izena emateko aukera, Turismo Bulegoan.
Abuztuaren 5ean,sukaldaritzako beste txapelketa batekin ekingo diote festa egunari. Marmitakoa prestatzen arituko dira 38 bikote; beraz, bikote gehiagok izena ematen badute, zozketa egingo dute. Hala ere, iaz izena eman eta parte hartu gabe geratu ziren bikoteak zuzenean sartuko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Iazko saridunak ere zozketatik pasatu gabe sartuko dira zuzenean lehian. Bihar irekiko dute izena emateko aukera, eta uztailaren 26ra arte izango da zabalik. Udaletxera jo beharko dute parte hartu nahi dutenek, 13:00ak baino lehen.
Marmitako Txapelketaren ondoren, 600 pertsonako herri bazkaria egingo dute parte hartzaileek txapelketarako prestatutako jakiak baliatuz. Uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1, 2 eta 3an salduko dituzte bazkaritarako txartelak.