Emakume migratzaileen egoerak ikusaraziko dituzte Getarian ostegunean

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 20a

Emakume migratzaileen inguruko ekitaldiak iragartzen (Getariako Eskubide Sozialen Karta) Ostegunean 19:30ean Neskatoak dokumentala emango dute Alondegian. Jon Abrilek zuzendu du, eta emakume euskaldunak ditu protagonista; 1940 eta 1975 artean Ipar Euskal Herrira edo Frantziara neskame joan behar izan zuten nerabe eta neska gazteak. «12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta ekonomikoki berebiziko laguntza ematen zieten bertan gelditzen ziren etxekoei», azaldu du Getariako Karta Sozialak. Hain zuzen, emakume migranteengan jarri nahi du fokua Getariako Karta Sozialak, eta bi ekitaldi antolatu ditu, «eredu ekonomiko kapitalista eta heteropatriarkalaren eztabaidarekin jarraitu eta gure esku ditugun erresistentzia aukera eraikitzaileak mahai gainean jartzeko asmoz». Aurrenekoa osteguneko dokumentala da. Bigarrena datorren astean izango da, kanpoko emakumeek Euskal Herrian bizi duten esplotazioaz. «Emakumeek egindako lana bizitzaren sostengurako oinarrizkoa dela azpimarratu» nahi du Getariako Eskubide Sozialen Kartak. Emakumea lan arloan ere «zapalduta» dago, eta egoera horren azkenetariko adibidea izan da «Andaluziatik edo Marokotik etorri zaizkigun testigantza izugarriak, nekazaritzako sasoietarako lanetan dabiltzan emakume migranteen aldetik».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide