Ekainaren 8an ekin zieten Pepita Enbil musika zikloaren baitako jarduerei, Mursegoren emanaldiarekin; jendetza bildu zen.
Ikasturteari "bukaera berezia" ematen ari dira Getariako Juan Sebastian Elkano musika eskolako kideak. Ikasturte bukaerako ohiko emanaldia baino "zerbait gehiago" egin nahi zuten urte osoan egin duten lana erakusteko, eta Pepita Enbil musika zikloa antolatu dute, bi aste iraungo duen ekitaldi sorta. Ekainaren 21a bitartean, musikari lotutako jarduerak egingo dituzte herriko hainbat txokotan. Horrela, herrira zabaldu nahi dute musika eskola, ahalik eta publiko zabalenarengana iristeko eta Pepita Enbil nor zer ezagutarazteko.
Felipe Murillo musika eskolako irakasleetako batek azaldu du gogoetarako beta hartu dutela ikasturte honetan. Batetik, Getariako musika eskolak herriari zer ekarpen egiten dion eta egin beharko liokeen hausnartzen jardun dira. "Lau pareta arteko lana egiten genuela ikusten genuen, baina iruditzen zaigu eskola publiko bat izanda beste betebehar batzuk ere baditugula, hango jarduerak kalera atera eta harago eramateko ardura dugula".
Bestetik, musika eskolaren indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren aztertu dute; zer publikorengana iristen den eta zeinengana iristeko zailtasunak dituen. "Haurrak dira gure ikasle hegemonikoak, 4 urtetik 10 urtera artekoak; gero, 12 urterekin Zumaiara edo Zarautzera ikastera joaten direnean, galdu egiten baitugu haiekin dugun lotura". Beraz, musika eskolarentzat erronka da gazte horiengana iristea, eta baita helduagoengana iristea ere. "Azken urteetan, asko handitu da musika eskolara datozen helduen kopurua, baina heldu horiek gero ez dute aukerarik musika eskolan ikasitakoa erakusteko, guk sortzen eta erabiltzen ditugun espazio gehienak umeentzat prestatutakoak baitira, batez ere. Helduek beste formula batzuk behar dituztela uste dugu". Eta gazteengana eta helduengana ez ezik, familiengana ere iritsi nahi dute. "Musika eskolan gehienbat umeak ditugu, baina haien gurasoak ere hor dabiltza, eta garrantzitsua iruditzen zaigu haiengana familia gisa iristea".
Jarraitu erreportajea irakurtzen
Gipuzkoako Hitzaren webgunean.