Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otsailean hasi ziren VIII. Floren Memorialeko partidak jokatzen, eta bihar emango diete amaiera Gure Txeru elkarteak antolatutako futbito lehiaketari, Kopako eta Ligako finalekin.
2016ko Floren Memoriala areto futbol txapelketako irudia. (Amaia Ventas/Hitza)
Herritarrekin osatutako hamar talde lehiatu dira hilabete hauetan: Iribar, Txoko, Balearri, Dona-Doni, Astillero, Elkano, Giroa, Haitze, Xagu eta Kaia-Kaipe. Ostiral arratsaldero jokatu dituzte jardunaldiak, 20:00etan hasita herriko frontoian.
Finalerdietan Dona-Donik eta Kaia-Kaipek lortu zuten Kopako Finalean lehiatzeko txartela, eta horien ondoren sailkatu dira Iribar eta Xagu. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Kopako finala. Ligako finala, aldiz, Txokok eta Balearrik jokatuko dute, 18:00etan. Haitzek eta Giroak ligako laugarren eta hirugarren postuak izango dituzte jokoan, 17:00etan.
Partidak amaitu bezain laster ekingo diote sari banaketari, Berdura Plazan. Sariak banatu ondoren, parte hartzaile guztientzat mokadutxoak prestatuko dituztela jakinarazi dute Gure Txeru elkartekoek, leku berean.