Jaione Zulaika: "Garrantzia du emakume kirolari erreferenteak izateak"

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 13a

Etxean jaso izan du pilotarekiko zaletasuna Jaione Zulaika (1981) getariarrak. Gaztetan beste kirol batzuetan aritu zen, baina pilotan jokatzera itzuli da II. Elkano sariketan.

Argazkia: Utzitakoa. Nondik datorkizu zaletasuna? Ama pilotaria izan dut, baina bere garaian emakumeak kirola egitea gaizki ikusia zegoen. Debekatu egiten zioten. Bere anaia bat pilotari profesionala izatera iritsi zen. Pilota asko gustatu izan da beti gure etxean. Telebistan jarraitu izan dugu pilota, eta txikitan asko jolasten genuen amarekin. Jarraipenik ez nuen izan, ordea, 12-13 urte dituzunean ez baituzu aukera handirik. Pilota utzita, beste kirol batzuetan jardun izan naiz. Hala ere, pilotarako afizioa beti izan dut. Amarekin hitz egin izan duzu bere garaitik egoera aldatu den? Gauza asko aldatu dira. Lehen emakume batek edozein kirol eginda ere, gaizki ikusia zegoen. Gaur egun, alderantziz: eskoletan irakatsi egiten da, eta kirol ezberdinetan presentzia irabazten ari dira emakumezkoak. Esaterako, nire amak ezkutuan jokatzen zuen pilotan, eta eskua handituta etxera joaten zenean, mahai azpian gordetzen zuen eskua haserraldirik izan ez zezan. Gainera, kirola egiten zuena marimutila zen. Elkano sariketan parte hartzen duzun lehen aldia al da? Bai. Herrian bertan da txapelketa,eta pilota maite dut. Herriko bikotekide bat lortzen saiatu nintzen hasieran. Lehengusu bat badut pilotan aritzen dena, baina nahiago du jendaurrean ez jokatu. Lehengusu txiki bat ere badut Bartzelonan bizi dena, baina ezin izan du hemen egon. Herrian ez dago pilotan jokatu izan duen inor, eta neska bizkaitar batekin osatu dut bikotea. Lehendik ezagutzen al zineten? Ez... Ez dugu batera entrenatu ere egin, partidak zuzenean jokatuko ditugu. Emakumeen pilotan dabilen jendea txikitatik aritu dena edo orain hasi dena da. Zaila da haur zinela hasi eta jarraipen bat izatea. Oso neska gutxi ibiltzen dira, eta gizonezkoen aurka ezin duzu lehiatu. Adin batetik aurrera uztera kondenatuta zauden kirol bat da. Gaur egun neska gehiago aritzen dira, eta azkenean, erreferente batzuk ere sortu dira. Jokatzen aritu den jendea palatik etorritakoa da, edo txikitan pilotan ibilitakoa. Erreferente horiek izateak garrantzia du, orain emakumezkoen taldeak ere sortu dira. Ni txikia nintzenean ez zen hori errealitatea: herri bakoitzean neska bat zegoen, bi, edo batere ez. Ez nuen norekin pilotan jokatu. Interes bera sortzen al du herrian emakumezkoen partida batek? Nik ezetz uste dut. Oso gauza berria da oraindik, eta oraingoz kuriositatea da sortuko duena. Partida politak ateratzea kosta egingo da, oso maila ezberdineko jendeak parte hartuko baitu. Hala ere, garrantzitsua da guztiei jokatzeko plaza uztea. Emakumezkoen Master Cup txapelketan, esaterako, maila ezberdinetako parte hartzaileak izena ematen dutenez, kategoriatan banatzen dituzte. Elkano sariketa herrikoia da, ordea. Bikote batzuk parekatzen saiatu dira, baina ez dago nahiko jokalari mailakatzeko. Zenbat parte hartzaile izango zarete, guztira? Hamalau bikotek eman dugu izena. Lauko taldeak osatuko dituzte, denok denen aurka jokatzeko, eta taldean lehenengoak sailkatzen direnak pasatuko dira hurrengo fasera. Uztailaren 29an jokatuko da finala, Salbatore txapelketaren finala baino astebete lehenago. Uztailaren 29ra arte jokatuko da II. Elkano sariketa Ekainaren 3an hasi zituzten Elkano sariketako partidak. Igandero jokatzen dira partidak Getariako frontoian, 18:00etan. Ligaxka modura jokatuko dute, eta uztailaren 29an finalean ariko dira ordura arte lehenengo bi postuetan sailkatutako bi bikote onenak. Astebete ondoren, Salbatore egunez, Salbatore txapelketako finala jokatuko da. 114 bikote ari dira lehian; astelehenero eta asteazkenero izaten dira pilota partidak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide