Gazteei zuzendutako mikro ipuin lehiaketa antolatu du Getariako Udal Liburutegiak. Maiatzaren 1ean zabaldu zuten parte hartzeko epea, eta ostiralera bitartean jasoko dituzte proposamenak Instagram sare sozialaren bidez.
Argazkiz eta testuz osatutako lanak jaso nahi dituzte, eta itsasoarekin lotura duten lanak sortzea da helburua, 2002 eta 2006 urteen artean jaiotako gaztetxoei (12 eta 16 urte bitartean) zuzendu diete lehiaketa, eta beharrezkoa izango da Euskadiko Liburutegi Sareko bazkide izatea. Horrez gain, testuak euskaraz idatzita egon beharko duela jakinarazi dute liburutegitik.
Lehiaketan parte hartzeko, argazkia atera edo irudia sortu eta Instagramera igo beharko da
#GetariaMikroIpuin2018 traola erabiliz eta
@getariako.liburutegia etiketatuz. Argazkiarekin batera, itsasoarekin lotura duen mikro ipuin labur bat idatzi beharko dute parte hartzaileek, gehienez ere 150 hitz erabiliz.
Getariako Udaleko Kultura eta Euskara teknikariek, udal liburutegiko liburuzainak eta diseinatzaile grafiko batek osatuko dute epaimahaia, eta lanak aztertu ostean, ekainaren 25ean emango dute irabazlearen berri sare sozialen bitartez. Hala, bi lagunentzako abentura txangoa jasoko du irabazleak.