Felipe Murillo, Karmele Martiarena, Ines Osinaga eta Nika Lertxundi musika zikloa aurkezten. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
Pepita Enbil musika zikloa antolatu du Getariako JS Elkano musika eskolak. Gaur hasi eta ekainaren 21a bitartean askotariko musika emanaldiek hartuko dute herria. Zarzuela eta opera abeslari getariarraren izena jarri diote zikloari, haren jaiotzaren mendeurrena gogoan hartuz.
Getariako musika eskolak herriari zein ekarpen egin behar dion hausnartzen hasi dira aurten, eta hari horri tiraka, musika eskola zein publikorengana iristen den aztertu nahi izan dute. "Eguneroko jardunean iristen ez garen publiko horrengana iristeko modua iruditzen zitzaigun nolabaiteko ziklo musikal bat antolatzea", azaldu du Felipe Murillo musikari azpeitiarrak. Ikasturte amaierarako prestatzen dituzten ekitaldiei "buelta bat eman" eta beste batzuk erantsiz antolatu dute zikloa.
Bestetik, musika eskola "lau pareten artetik" atera eta herrian bertan dauden kultur eragileekin elkarlanean antolatzea izan da asmoa. Murilloren hitzetan, hartu-emana sustatu nahi zuten, elkar ezagutzeko saiakera bat egin. Hori dena kontuan hartuta, eta, bide batez, Pepita Enbilen jaiotzaren mendeurrena zela ikusita, antolatu dute abeslariaren izena daraman musika zikloa.
Sektore batzuk zuzenean interpelatu nahi zituztela dio Ines Osinagak: "Batzuk familiak ziren, beste batzuk gazteak, eta azkenik, helduak". Musika eskolako "bezero hegemonikoak" haurrak direla dio. Horregatik, haurrekin partekatu ahal izateko musika espazioak sortzea izan da musika zikloaren erronka. Hutsune horiek definitu zituzten, eta herriko eragileekin saretzen egin dute antolaketa prozesua: "Musika eskola goiko pisuan egonda, eta banda behekoan, gure arteko harremanean zerbait eragin genezakeela pentsatu genuen".
Urtean zehar musika eskola barruan egiten duten guztia kalera ateratzea izan da beste helburu bat. "Asteroko klase horietaz haratago, beste era batera eragin eta herriari bueltatu nahi diogu herriak guri ematen diguna", dio Osinagak. Nika Lertxundi bat dator Osinagarekin: "Eragile asko mugitzen dira musikaren inguruan, eta hori suspertu nahi genuen". Horrelako herri txikietan kulturgintza "saretua" izan behar dela uste du Osinagak, eta musika eskola bezala, herrian presente ez zeudela iruditzen zitzaien, nahiz eta herriko haur gehienak musika eskolako partaide izan. Musika eskolaren ardura pentagrama zer den erakustea baino gehiago dela iruditzen zitzaien. Kultur kontsumoa ere sustatu nahi zuten, eta eginkizun hori hezkuntzatik "egin beharrekoa" dela uste dute musika eskolako batzordeko kideek.
Haurra zarenean "ikasten duzun hori plazaratzea" garrantzizkotzat jotzen du Lertxundik: "Toki batean jotzen duzu, eroso sentitzen zara, baina leku horretatik irten eta plazaratze hori ere ikasketa bat da. Horrelako ziklo batek horretarako aukerak ematen ditu". Osinagak ere garrantzia ematen dio ikasketak kalera ateratzeari: "Plaza konkistatu egin behar da. Hori ere beste helburu bat izan da musika zikloan: ekintzak non kokatu erabakitzeko garaian, plaza desberdinen bila joan gara. Lekuak ere badu presentzia egitarauan".