Argazkia: Getariako Udala.
Iturzaeta Herri Eskolako aretoa eta sarbidea berritzeko lanak egin dituzte azken hilabeteotan. Erabilera ezberdinak izateko egin dituzte lanak, eta horretarako 76.000 euroko laguntza jaso du eskolak instituzioetatik. Lanak jada amaitu dituzte, eta herritarrei emaitza erakuste aldera, joan den ostegunean ireki zituen ateak.
Besteak beste, aretoko sabaia eta hormak intsonorizatu eta beltzez margotu dituzte, eszenatokia txukundu dute, eszenatokira igotzeko irisgarritasuna hobetu dute, lurra material sintetiko batekin estali dute eta berokuntza sistema berria jarri dute sabaian. Horrez gain, sarrera aretoaren erdialdera lekualdatu dute, larrialdietarako atea alboan ezarriz. Azkenik, areto osoko argiteria ere berritu dute.
Hasierako asmoa aretoan lan arinak egitea bazen ere, instalazioak eraberritzeko eta hobetzeko baliatu dituzte obrak. Getariako Udala pozik agertu da azken emaitzarekin. Gainera, erabilera ezberdinetarako baliagarri izateaz gain, beharrezkotzat jo dute herrian horrelako areto berritu bat izatea.