Argazkia: Nerea Uranga.
Euskal Astea ospatuko dute Getarian aste honetan. Gaur hasi eta larunbata bitartean, askotariko ekitaldiak antolatu ditu Getariako Udalak,
Eguna jantzi dugu, eta zu biluzik lelo hartuta.
Laburbira euskarazko film laburren emanaldiarekin hasiko dituzte ospakizunak, gaur. Eskolako zine aretoan botako dituzte euskarazko zortzi ekoizpenak, 21:00etan hasita. Film laburren zirkuituak 15. edizioa du aurtengoa, eta 77 minutuko proposamen entretenigarria osatu dute.
Ostiralean jarraituko du festak, Gure Txeru kultur elkartearen dantzariek ikasturte amaierarako prestatutako emanaldi bereziarekin. JS Elkano musika eskolakoekin prestatu dute ikuskizuna, eta bi zati izango ditu: alde batetik, dantzari txikienak izango dira herriko pilotalekuan, 17:30ean. Bestetik, gauean, 22:00etan hasita, helduen txanda izango da, eta ikasturte osoan ikasitakoa erakutsiko dute jendaurrean.
Euskal Asteko ospakizun nagusia, ordea, larunbatean egingo dute. Goiz eresia egingo dute herriko kaleetan Getariako txistulariek. 10:30etik 14:00etara, bertako produktuen azoka jarriko dute frontoian, eta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Musika eskolako trikitilariek girotuko dute plaza eguerdian, eta, jarraian, dantza emanaldia izango da Gazte Alaiak txistulariekin.
Irrintzika
13:30ean, irrintzi lehiaketa izango da Herriko Plazan. Bi kategoriatan banatu dute txapelketa: 14 urtetik beherako parte hartzaileek gaztetxoen maila osatuko dute, eta 14 urtetik gorakoek, helduena. Lehiaketan parte hartzeko, baserritarrez jantzita egotea beharrezkoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Irrintzi txapelketa, ordea, ez da Euskal Jai eguneko lehiaketa bakarra izango: Getariako XX. Trikitilari Gazteen Txapelketa ere jokatuko dute. Sei bikoteren artean egongo da txapela, eta bikote gehiagok izena emango balute, kanporaketa jokatuko lukete aurrez. Hiru pieza jo beharko dituzte: trikitia, pot-pourria (honek gehienez 7 minutuko iraupena izan beharko du) eta, azkenik, arin-arina, fandangoa edo porrusaldaren artean bat aukeratu beharko dute.
Antolatzaileek jakinarazi dute epaimahaiak piezen zailtasuna, trikitilarien bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero-jotzailearen lana baloratuko dituela epaia ematerako orduan. Gainera, zehaztu dute beharrezkoa izango dela baserritarrez jantzita parte hartzea.
Ondoren, 19:00etatik aurrera, Kuxkuxtu txaranga arituko da kalez kale, eta Holako musika taldearen erromeriak biribilduko du eguna; 22:30etik aurrera izango da dantzaldia.