Larunbatean ospatu zuten Getariako Gazte Asanbladaren 10. urteurrena. Egun osoko festa antolatu zuten asanbladako kideek, eta herrira zabaldu zuten ospakizuna, herri osoak haiekin ospatu zezan. Goizean goizetik hasi ziren ospakizunetarako prestaketekin: herriko plazan sukaldatu zituzten bazkari herrikoirako jakiak. Ondoren, triki poteoa egin zuten herriko kaleetan zehar, eta hortik joan ziren herri bazkarira. Jarraian, gazte asanbladaren ibilbidea laburbiltzen zuen emanalditxo bat izan zuten, argazki eta guzti. Elektrotxarangak girotu zuen iluntzea Getarian, eta En Tol Sarmiento, Kaotiko eta Odolaren Mintzoa taldeen kontzertuek biribildu zuten eguna.
Argazkiak: Artzape.