Getariako Gazte Asanbladako kideak duela bost urte, gaztetxeko oholtza gainean. (Argazkia: Getariako Gazte Asanblada)
Bihar ospatuko dute Getarian duela hamar urte sortu zuten Gazte Asanbladaren urteurrena. Egun osoko festa antolatu dute asanbladako kideek, eta herrira aterako dute ospakizuna, haiekin batera herritarrek ere ospatu dezaten.
Asanbladaren sorreran parte hartu zuen Iban Gontan getariarrak. Haren hitzetan, hamar urte lehenago ere bazen gazte asanblada bat herrian: "Jarraikortasun falta bat izan zuen, ordea, ez zen belaunaldi berrietara iritsi". Aurreko asanbladako kideekin harremanik ez zutela dio Gontanek, baina "hutsune" hori betetzeko sortu zuten bihar hamar urte beteko dituen asanblada.
Gaur egun biltzen jarraitzen duen Gazte Asanblada hori sortzerako, bazen Gaztetxea Getarian. Alabaina, Gaztetxea bera funtzionarazten zuen talde iraunkorraren falta sumatzen zuten. Horixe zen lehenbiziko asmoa: "Indarra erakutsi nahi genuen, zerbait baginela, indar horrekin gaztetxera salto egiteko". Asanblada Gaztetxea kudeatzeko sortu bazen ere, kudeaketa soila ez da helburua Gontanentzat. Izan ere, kudeaketa hori hainbat gauza lantzeko "tresna" dela dio. Gaztetxea bera "leku bat" dela uste du, taldeak berak landu nahi dituen gauzak lantzea ahalbidetzen duena.
Hamar urteko ibilbidea "positiboa" dela irizten du gazte asanbladako kideak. Hala ere, hastapenetatik taldea bera "asko" aldatu dela iruditzen zaio: "Hasten zarenean, ezberdina da bultzada. Jende gehiago dago, baina gero beti etortzen dira zailtasunak. Oso baxu egon garen garaiak izan ditugu, baina orain hobeto gaude". Belaunaldi berriak Gaztetxearekiko eta Gazte Asanbladarekiko interesa erakusten ari direla azaldu du Gontanek, eta haren hitzetan, gauzak egiteko "gogoz" daude taldeko gazteenak.
Askotariko ekintzak egin dituzte urte hauetan guztietan. Ikastaroak, dantza tailerrak, hitzaldiak... Hasiera batean, inguruko bizilagunen kexa batzuk jaso zituzten asanbladako kideek, soinuagatik. Hala ere, herritarrekin "harreman ona" dutela dio Gontanek: "Gero eta hobeagoa, esango nuke nik".
Azken hilabeteetako jarduna hamargarren urteurrenean oinarritu dela dio gaztetxeko kideak. Izan ere, ospakizun guztiak gaztetxetik kalera eramaten jarri dituzte indarrak. "Badirudi gaztetxeroak beti gaztetxean ezkutatuta gaudela, edo itxura hori ematen diegu batzuei. Guk nahi duguna ez da hori: herriak gu ikustea nahi dugu, eta ospakizuna herriarentzako ere egitea". Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta getariar guztiekin ospatu nahi dute hamar urte hauetako ibilbidea.
«Egun handia» izango da asanbladako kideentzat biharkoa. Goizean goizetik hasiko dira ospakizunetarako prestaketekin: herriko plazan sukaldatuko dituzte bazkari herrikoirako jakiak. Ondoren, triki poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar, eta hortik joango dira herri bazkarira. Jarraian, gazte asanbladaren ibilbidea laburbiltzen duen emanalditxo bat izango dute, argazki eta guzti. Elektrotxarangak girotuko du iluntzea Getarian, eta kontzertuek biribilduko dute eguna: «Doako kontzertuak izango dira plazan bertan, nahi duen guztiarentzat». Herriaren erdialdea hartuko dute festa ospatzeko, eta herri osoak festa haiekin batera ospatzea nahi dute