[caption id="attachment_337325" align="aligncenter" width="300"]

Udal ordenantzen inguruko parte hartze prozesua, iazko urrian.[/caption]
Herritarren parte hartzea arautzeko ordenantza osatzeko parte hartze prozesu bat abiatuko du Getariako Udalak datozen asteetan.
Getariako herritarrek aurrerantzean parte hartzea gauzatzeko tresna eraginkor bat izatea nahi dute Udal Gobernuko kideek, prozesuaren bitartez. Etorkizunean gauzatuko diren prozesuetarako bermeak eta gutxieneko baldintzak zehaztu nahi dituzte horretarako, "adostasunez eta kontsentsuz".
Horrez gain, hauteskunde programan agindutakoa betetzea garrantzizkotzat jo du Udal Gobernuak. "Lausotasunak eta zehaztasun faltak eragin ditzakeen arazoei aurrea hartzea" eta herritarren parte hartzea ahalik eta ondoen bideratzea da asmoa, irizpide argiak jarriz. Horretarako, Udal Gobernuaren ustez, konponbidea parte hartze prozesua da: "Ahalik eta herritar gehienen oniritzia izango duen udal ordenantza osatuko dugu".
"Getariako errealitatera ahalik eta ondoen" egokituko den ordenantza osatzeko, parte hartze prozesu bat egingo dute. Era horretan, ordenantza bera herritarrekin elkarlanean osatuko dute udal arduradunek.
Saio irekiak
Parte hartze prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, bi saio antolatu ditu udalak. Maiatzaren 22an egingo dute lehenengo saioa. Ordenantza osatzeko prozesua aurkeztuko dute bertan, eta lanketaren lehen urratsak egingo dituzte.
Ekainaren 19rako jarri dute prozesuaren bigarrengo hitzordua, ordenantzaren irizpideak eta ildo nagusiak zehazteko. Bi saioak 19:00etan hasita izango dira, Alondegian.