Iazko Madariaga festetako argazki bat. (Ana Bastida)
Maiatzean sartzearekin batera hasi ohi dira auzo eta herri txikietako festak, eta asteburu honetan ere izango da zertaz gozatu eskualdean. Hain zuzen ere, San Isidro eguna izango da datorren asteartea, eta horren bueltan, festak antolatu dituzte Azkoitiko Madariaga, Azpeitiko Aratzerreka eta Getariako Meaga auzoetan.
Urteroko egitarau berdintsua prestatu dute hiru auzoetan, eta, ohi bezala, adin eta gustu guztietako jendearentzako jarduerak antolatu dituzte: Madariagan, mus txapelketa, astoaren aurkako proba eta ume jolasak izango dira; Aratzerrekan, atxur festa, trikitilariak eta zezenak; eta, Meagan, ikurrinaren igoera, dantza emanaldia eta txakolin dastatzea, besteak beste.
Elkargunea Madariagan
Dena den, izango da berrikuntzarik ere aurtengo festetan. Hain zuzen ere, Madariagako auzotarrek aspalditik eskatzen zuten espazio publikoa estreinatuko dute jaietan. Izan ere, Azkoitiko Udalak goitik behera berritu du auzoko ferratokia, eta bertakoentzat elkargune bihurtu du. Biltegia, informatika gela, sukaldea, bilera gela eta bainugela daude bertan, eta, guztira, ia 120 metro koadro ditu guneak. Auzotarrek festak antolatzeko, jaietan pintxoak prestatzeko, ikastaroak emateko edo sor daitezkeen beste hainbat beharretarako erabiliko dute espazioa.
Eraikina, berez, Azkoitiko Parrokiarena da, eta elkargunea eraiki ahal izateko, udalak aurrez hitzarmena sinatu zuen parrokiarekin. Obrak 151.480 euroko kostua izan du, eta barruko ekipamendua 26.771 euro ordaindu dute. Hala ere, udalak 107.070 euroko diru laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik proiektua gauzatu ahal izateko.
Madariagako auzo elkartea duela hamar bat urte sortu zen, festak antolatzeko helburuarekin. Elkarte horrek espazio baten beharra sumatzen zuen, eta eskaera horri erantzunez berritu du udalak lokala. Auzotarrak hasi dira dagoeneko biltzen gunearen funtzionamendua, betebeharrak, izena, bazkide kopurua... zehazteko, baina oraindik ez dira gunea erabiltzen hasi. Hala ere, horretarako "gogotsu" daudela azaldu dute.
Datorren asteartean, San Isidro egunean, inauguratuko dute gune berria. 12:00etan jarri dute hitzordua, eta, ondoren, hamaiketakoa izango da.
Hona hemen festetako egitaraua:
AZKOITIA-MADARIAGA
Gaur, ostirala.
- 21:30. Mus Txapelketa.
Bihar, larunbata.
- 10:30. Ume eta helduentzat mendi buelta Madariaga inguruan.
- 12:00. Auzotarren arteko pilota partidak. Ondoren, Emakume Master Cup binakako txapelketako txapeldunordeen partidak.
- 12:30. Buruhandiak eta marrazki tailerra.
- 14:30. Auzotarren bazkaria eta omenaldia.
- 16:30. Umeen jolasak eta askaria.
- 18:00. Madariagako gizon taldea Koateiko astoaren aurka.
-
19:00. Zelailuzeren animaliekin ume jolasak.
- 21:00. Otarren afaria.
Maiatzak 15, asteartea.
San Isidro eguna.
- 11:00. Prozesioa eta meza.
- 12:00. Marixako elkargunearen inaugurazioa, hamaiketakoarekin.
AZPEITIA-ARATZERREKA
Bihar, larunbata.
Atxur festa.
- 09:30. Suziriak.
-10:00. Mendi buelta: Izazpi - Paotxeta - Samiño.
-15:30. Atxurraren igoera eta txupinazoa.
-16:30. Zezenak eta pottokak, frontoian.
-18:00. Atxur festa: umeentzako jolasak. Ondoren, mokadutxoa.
-19:30. Trikipoteoa.
-21:00. Auzo afaria.
-Arratsaldean, afari garaian eta afalostean. Xabier Etxaniz eta Eneko Antxumarri soinu jotzaileak, eta Katxo bere alboka eta pandero ikasleekin.
-01:00. Lehiaketa xelebrea.
-03:30. Baratzuri zopa.
Maiatzak 15, asteartea.
San Isidro eguna.
-10:00. Suziriak.
-12:00. Meza nagusia.
-14:30. Bazkaria. Hitzeder eta Axier Txibilter soinu jotzaileek girotuta.
-18:00. Pilota partidak.
-20:30. Atxurraren jaitsiera eta afaria.
GETARIA-MEAGA
Bihar, larunbata.
- 20:30. Ikurrinaren igoera, festak hasteko.
- 21:00. Auzo afaria.
- Ondoren, Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria.
Etzi, igandea.
- 12:00. Meza.
- Ondoren, Gure Txeru dantza taldearen emanaldia eta sagardoa eta txerriki errea dastatzeko aukera.
- 17:00. Mus txapelketa irekia.
Maiatzak 15, asteartea.
San Isidro eguna.
- 11:30. Meza eta prozesioa.
- Ondoren, auzoko adinekoei omenaldia eta bazkaria.
- Segidan, txakolina eta txerriki errea dastatzeko aukera.
- 23:00. Izer eta Alabierrekin erromeria.