Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Antxoa Egunaren ospakizunetan murgilduta dago Getaria asteburu honetan. Gaur arratsaldean 18:30ean jokatu dute Urrezko Aizkolari eta harri-jasotzaile txapelketako kanporaketa, herriko frontoian. Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Donato Larretxea (Aranatz, Nafarroa), Julen Kañamares Kañamares III.a (Aroztegi, Nafarroa) eta Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa) lehiatu dira, Eusko Label sari nagusiaren zortzigarren kanporaketa saioan. Otaegik eta Larretxeak lortu dute txapelketaren hurrengo fasera pasatzea, eta Berrizeko eta Leitzako kanporaketetan arituko dira, hurrenez hurren.
Bihar Urrestillan izango da kanporaketa, 12:30ean Txikuri frontoian. Mikel Larrañaga (Azpeitia), Eneko Otaño (Beizama), Jesus Mari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa), eta Arkaitz Jauregi (Ilarduia, Araba) dira Urrezko Banakako Aizkolari txapelketaren bederatzigarren kanporaketan parte hartuko dutenak. Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketan, berriz, bi bikote ariko dira Urrestillan: Xabier Aranburu Guzta (Urrestilla) eta Aimar Galarraga (Orio), batetik, eta Iban Ugartemendia (Hernialde, Gipuzkoa) eta Beñat Telleria Telleria IV.a (Urnieta, Gipuzkoa), bestetik.