Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arrain preziatuari omenaldia egiteko, Antxoa Eguna ospatuko dute asteburuan Getarian. Urtero bezala, Zilarrezko Antxoa aipamenarekin hasi dute asteburua gaur, maiatzak 4, Cristobal Balenciaga museoan. Bertan izan dira Emeterio Urresti Getariako Arrantzaleen Kofradiako presidentea, Nika Lertxundi Getariako alkatea eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua.
"Hiru omenduak hitz bakar batekin identifikatu beharko banituzke, zaindaria hitza erabiliko nuke", azaldu du Lertxundik. Haren hitzetan, Juan de la Costa itsas ospitaleak hiru kanpainetan babesa ematen die 10.000 arrantzaleri. Kantauri Antxoaren Kofradia ere, antxoa babesteko eta zaintzeko jaio zen. Eta, nola ez, Claudia Iribar ere bai: "Gauza asko esan litezke Claudiaren alde, baina nik hauxe esango dut: Iribar jatetxeko pieza klabeetako bat zara, eta, batez ere, Iribar jatetxeko etxekoandrea". Jakinduriaren eta ohituren zaindaria izan dela uste du Lertxundik.
Urrestik ere esker hitzak izan ditu omendu guztientzat. Tradizionalki arrantzatzen zuten bezala arrantzatzen jarraitzen dutela nabarmendu du, baina teknologia berrien erabilerarekin produktuaren kalitatea eta freskotasuna hobetzen jarraitzen dutela uste du. Getariako saregileen ordezkaritza bat ere bertan izan da, eta emakume guzti horien lana ezinbestekotzat jo du Urrestik.
Tapia, aldiz, hiru omenduei zuzendu zaie. Haren hitzetan, lehen sektoretik hasi eta gastronomiaren bitartez produktua herritarren eskura jartzen dutenak omentzen asmatu dute aurtengoan. Bestetik, sektorea "txikia" izan arren, bide onetik doala irizten du sailburuak. Arrantzaleen lana balioan jartzeko, horrelako egunak "garrantzitsuak" direla uste du.
Claudia Iribarrek bere oroitzapenak ekarri ditu gogora, eta horiek guztiak itsasoarekin lotutakoak direla esan du. "Garai batean arrantzale jubilatuak etortzen ziren Iribar bodegoira, ardoa edan eta mokadutxoa dastatzera. Oraindik etortzen zaretenok badakizue lehenengo irudia barra gaineko antxoak direla", aitortu du. Zilarrezko Antxoa jaso aurretik, bere familia ekarri du gogora.
Juan de la Cosa ontziko Javier de Andres kapitaina igo da oholtza gainera ondoren. Ontziaren ordezkari gisa izan da Getarian, baina beraien lanaren kate osoan hondar aletxo bat besterik ez dela argitu du. Beraientzat guztientzat garrantzitsuena itsasoaren inguruan lan egiten dutenei babesa ematea dela eman du aditzera, eta lan atsegina dela adierazi du.
Francisco Bozas Kantauri Arrantzaleen Kofradiako ordezkariari eman diote hirugarren Zilarrezko Antxoa. 1992an sortu zen kofradia, Donostian. Garai hartan kofradia sortzen aritutako getariar bat aipatu du bere hitzartzean: "Ulpiano Vigil medikua gogora ekarri nahi dut egun honetan".
Gure Txeru kultur elkarteko Irati Aranguren dantzariak aurreskua dantzatu die omenduei, eta Salbatore abesbatzaren kantuekin eman diote amaiera ekitaldiari.