Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskualdeko hainbat kirolarik hartuko du parte bi saioetan. Getariakoa etzi izango da, 18:30ean, frontoian. Urrestillan, berriz, igandean 12:30ean hasiko da jaialdia, Txikuri frontoian.
Urrezko Banakako Aizkolari eta Binakako Harri-jasotze txapelketetako bi kanporaketa jokatuko dituzte asteburuan eskualdean, eta Urola Kostako hainbat kirolari izango da lehian bi saioetan.
Getarian, larunbat arratsaldez izango da hitzordua frontoian, 18:30ean. Aizkoran, Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Donato Larretxea (Aranatz, Nafarroa), Julen Kañamares Kañamares III.a (Aroztegi, Nafarroa) eta Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa) lehiatuko dira, Eusko Labe sari nagusiaren zortzigarren kanporaketa saioan; Zaldua Julen Alberdi Txikia IV.aren tokian ariko da, azkoitiarra min hartuta baitago. Enbor bana kolpe gutxiagotan zeinek ebaki, eta beste bina enbor –bat txikia, bestea 60 ontzakoa– zeinek azkarrago jokatu ondoren, buruz buru lehiatuko dira ondoren, txandaka; tenteka zein etzanean ebaki beharko dituzte enborrak. Lehen bi postuetan sailkatzen direnak igaroko dira txapelketaren hurrengo fasera.
Harri-jasotzaileen lehiari dagokionez, txapelketa honetan bikoteka lehiatuko dira; kanporaketa desberdinetan parte hartuko duten bikoteen altxaldi kopuruak kontuan hartuta erabakiko dute, horrenbestez, hurrengo fasera zeintzuk sailkatuko diren. Getariako jaialdian, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak (Aia) eta Inhar Urruzunok (Ondarroa) osatutako bikotea ariko da lanean; harri-jasotzaileetako batek zilindro zaharra altxatu beharko du, hiru minutuko saioan; besteak, berriz, kubikoa, hiru minutuko beste txanda batean; eta biek txandaka, lau minutuko txanda librean, 100 kiloko bola altxatu beharko dute.
Urrestillan, igandeko 12:30ean hasiko da jaialdia Txikuri frontoian. Mikel Larrañaga (Azpeitia), Eneko Otaño (Beizama), Jesus Mari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa), eta Arkaitz Jauregi (Ilarduia, Araba) dira Urrezko Banakako Aizkolari txapelketaren bederatzigarren kanporaketan parte hartuko dutenak. Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketan, berriz, bi bikote ariko dira Urrestillan: Xabier Aranburu Guzta (Urrestilla) eta Aimar Galarraga (Orio), batetik, eta Iban Ugartemendia (Hernialde, Gipuzkoa) eta Beñat Telleria Telleria IV.a (Urnieta, Gipuzkoa), bestetik. Bai aizkolariek eta bai harri-jasotzaileek, Getarian egingo dituzten lan berberak izango dituzte Urrestillan ere.