San Prudentzio jaien balorazio positiboa egin dute auzotarrek

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 2a

Pasa den asteburuan ospatu zituzten Getariako San Prudentzio auzoko jaiak. Auzotarrek festetan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete.

San Prudentzio jaiak amaitu berritan, festen balorazio "positiboa" egin dute auzotarrek. Horrez gain, festetan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete. Ostiraleko IV. Mus Txapelketarekin eman zieten hasiera jaiei. 26 bikote lehiatu ziren txapelketan, eta Gari eta Asier aizarnazabaldarrek lortu zuten garaipena. Aitzol eta Gorri getariarrak sailkatu ziren bigarren postuan, eta hirugarren tokian, berriz, Andoni eta Sandra. San Prudentzio egunean, ohi bezala, txistularien saioa eta meza nagusia izan ziren goizez. Jarraian, Urra eta Manexen harri jasotze erakustaldia izan zen, eta Gure Txeru Getariako dantzari taldearen emanaldiak borobildu zuen goiza. Supituku taldeak, aldiz, txikienei zuzendutako saioa estreinatu zuen. 14:30ean ehun lagun inguru elkartu ziren auzoko bertso bazkarian. Agin Laburu eta Aitor Sarriegi aritu ziren bertsotan, eta trikiti saioaren ondoren, La Jodedera taldeak emanaldia eskaini zuen. Bertaratutakoek erritmo kubatar eta euskaldunez gozatzeko aukera izan zuten, eta goizeko ordu txikietaraino luzatu zuten festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide