Getariako xake txapelketa herrian xakea bultzatzeko asmoarekin antolatu dute.
Getariako Elkano xake klubak antolatuta, larunbat honetan jokatuko dute J.S. Elkano Xake Torneoa. Berdura plazan jokatuko dituzte lagun giroan xake partidak, 10:00etatik aurrera. Bertan, kategoria desberdinetako xake jokalariek parte hartuko dute. Elkano xake klubak azaldu duenez, «gure herrian xakea zabaltzeko, bultzatzeko eta sustatzeko asmoarekin jarraitu nahi dugu, eta horretarako antolatu dugu larunbateko xake txapelketa. Horrez gain, datorren urterako Gipuzkoako xake txapelketaren prestaketarekin hastea da gure asmoa. Getariako xake klubeko xakelariak Hirugarren mailan aritu dira aurten, baina hurrengoan igoera eskuratu nahi dute».
Larunbaterako prestatu duten xake torneoan parte hartze zabala izango dela aurreratu du Elkano xake klubak. Espainiatik Errioxatik eta Kantabriatik etorriko dira xake jokalariak Getariara, baina Euskal Herriko hainbat herritako klubetako xake jokalariak izango dira gehienak: «Nafarroako Oberena, Arabako ligan hirugarren geratu den Martintxo, Getariako Elkano, Azkoitiko Anaitasuna Kakute, Azpeitiko Xaputarrak, Arrasateko Arlutz, Zarauzko Kirol Elkartea, Elorrioko Zaldi Baltza, Villabonako xake taldea, Donostiako Fortuna…». Horiez gain, jubenil mailan Euskadiko xakeko txapelduna izan den Aritz Morante getariarra ere izango dela nabarmendu dute.
Bi multzotan banatuko dira parte hartuko duten hamalau taldeetako lau partaideak, elkarren aurka partida azkarrak jokatzeko. Xakeko partidak epaile baten begiradapean jokatuko dituzte, jendaurrean. Bi multzotako garaileak finalera sailkatuko dira, eta horien arteko lehiaketaren ondoren, sari banaketa egingo dute, 14:00 inguruan, berdura plazan bertan. Azkenik, xake txapelketa lagun giroan bukatzeko, Getariako elkarte batean bazkaria egingo dute parte hartzaile guztiek.