Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Getariako auzoan egun polita ari dira igarotzen larunbatean, egun osoko egitarauarekin
Atzo, ostirala, hazi zituzten festak San Prudentzio auzoan, Getarian. Iluntzean mus txapelketa jokatu zuten 26 bikotek, eta txapela Aizarnazabal aldera joan zen, Gari eta Axier bikoteak irabazi baitzuen. Bigarren Gorri eta Aitzol getariarrak izan ziren.
Gaur, berriz, egun osoko jaia ari dira ospatzen. Herri kirolak izan dituzte aurrena, eta jarraian Gure Txeruko dantzari txikien emanaldia. Herri bazkaria prestatu bitartean, Supituki taldearen eskutik umeentzako ikuskizuna egon da elizan. Bazkaria, berriz, jendetsua, txartel guztiak saldu baitituzte: 90. Jatekoa, berezia: zurrukutuna eta zikiratua burruntzian erreta.
Arratsaldean, 19:00etan La Jodederarekin kontzertua dago, eta haren lagungarri Mojito Festa antolatu dute. Berezia, hori ere, "nafar erara" omen da eta.
Festa eta aldarrikapena
Giro goxoa eta umore ona aurkitu daitezke gaur auzoan, baina aldarrikapenak ere badu bere tokia. Izan ere, udalak jarritako karpako horman ondorengo mezua irakur daiteke: Hemen gaude mendi aldean, erabaki nahi degu!. Esanahiaz galdetuta, antolatzaileek erantzun dute alde batetik La Jodederaren abesti bateko letra dela, eta bestetik, auzotarren eskaera bat ere badela. Izan ere, auzoari eragiten dioten edo eragin diezaioketen gaietan hitza eta erabakia eduki nahi dituzte.
Hain zuzen, duela bost urte sortu zuten auzoan SPL San Prudentzioren Lagunak taldea. Berak antolatzen ditu festak, baina horrez gain, urtean zehar hainbat ekitaldi egiten ditu, besteak beste, hitzaldiak antolatzen ditu. Auzoa bizirik mantentzea da helburuetako bat.
[flickr_set id="72157693063576432"]