Betikoari helduta, baina egitaraua berrituta datoz sanprudentzioak

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 26a, 10:10

Mus txapelketarekin bihar hasiko dituzte festak Getariako San Prudentzio auzoan. Larunbaterako adin guztientzako ekitaldiak antolatu ditu San Prudentzioko Lagunak taldeak

Larunbaterako egun osoko festa eguna antolatu dute Getariako San Prudentzio auzoan. (Argazkia: Nerea Uranga) Mus txapelketarekin hasiko dituzte bihar auzoko jaiak Getariako San Prudentzion. Larunbaterako, San Prudentzio egunerako, egun-pasa festan egiteko modua eskainiko dute: goizetik iluntzera bitartean adin guztietakoentzako ekitaldiak antolatuta ditu San Prudentzioko Lagunak taldeak.  Auzoko jaietan ohikoak diren hainbat ekintzari helduko diote aurten, baina berrikuntzak ere izango dira. Larunbatean San Prudentzioko auzotarrak txistularien doinuan esnatuko dira. Meza ondoren, herri kirol erakustaldia izango da Mikel Lopetegi Urrarekin eta Xabier Peñagarikanorekin. Horiez gain, "sorpresatxoren bat" ere egon daitekeela aurreratu dute festen antolatzaileek. Segidan, Txeru taldeko dantzari txikiek sei bat dantza eskainiko dituzte. Dantzarien saioa bukatu ostean, Supituki taldeak haurrentzako ikuskizuna estreinatuko du: "Orain arte, Supituki taldeak helduentzako inprobisazio ikuskizun bat egin izan du, baina orain haurrekin hasi nahi dute, eta aurreneko emanaldia  San Prudentzion egingo dute, gauza berezi bat izango da hori", azaldu du Ainhoa Lazkano San Prudentzioko Lagunak taldeko kideak. Baina ez da hori bakarrik izango auzoko festetako berritasun bakarra: bertso afariaren ordez, bertso bazkaria antolatu dute larunbaterako. "Aurten, kontuan izanik hurrengo egunean Getarian triatloia jokatuko dela eta herri osoak egon beharko duela bertan, pentsatu genuen bazkaria egitea, hala publiko zabalagoari zabaltzeko aukera genuen eta jendeak haurrekin-eta etortzeko aukera izango du", azaldu du Lazkanok. Bazkaria izatera pasatu arren, urteroko menua mantenduko dute festen antolatzaileek: zurrukutuna eta zikiroa. "Euskal Herri mailan galtzen ari den ohitura bat da jaki horiek jatea, eta guk horri eutsi nahi diogu". Bertsolarien saioa eta gero, bazkalondoa girotzeko, trikitilariak ariko dira. Bazkarirako txartelak Getariako Harritarte dendan daude salgai bihar arte. Bazkaritarako 80-90 lagun biltzea espero dute. Larunbatean, San Prudentzio auzoan festa giroan jarraitzeko, Nafarjito Festa antolatu dute La Jodedera taldearekin. "Mojito festa antzeko bat da, besteak beste bertsioak eta jotzen ditu  talde horrek eta festa giroarekin jarraitzeko era ona izango da". Egitaraua Bihar, ostirala 22:00. VI. Mus Txapelketa, plazako karpan. Apirilak 28, larunbata 10:00. Gazte Alaiak txistulariekin diana, baserriz baserri ibiliko dira. Meza aurretik, txistulariekin San Prudentzioko martxa eta erretreta. 11:00. Meza nagusia. 12:00. Herri kirolak: Mikel Lopetegi Urra eta Xabier Peñagarikano. Ondoren, Txeru dantza taldeko dantzari txikien emanaldia. 13:00. Txikienentzat ikuskizuna Supituki taldearekin. 14:30. Bertso bazkaria: Aitor Sarriegi eta Agin Labururekin. Bazkarirako txartelak Harritarte dendan daude salgai bihar arte. Ondoren, Zumaiako trikitilariak. 19:00. Nafarjito Festa, La Jodedera taldearekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide