Abian da Getariako Katraponako kantinaren ardura emateko prozedura

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 24a

Udalaren jabetzakoa den kantina eta komun desmuntagarriak erabiltzeko eta ustiatzeko helburua du eskaintzak. Maiatzaren 14ra arte eman daiteke izena.

Argazkia: Getariako Udala. Katrapona plazako kantinaren esleipenaren prozedura hasi du Getariako Udalak, beren jabetzakoa den kantina eta komun desmuntagarriak erabili eta ustiatzeko helburuarekin. Edonork izango du esleipeneko prozeduran izena emateko aukera, baina kolektibo batzuek lehentasuna izango dutela jakinarazi du Getariako Udalak. Besteak beste, Lanbiden langabetu bezala izena emanda daudenei edo azken urte osoan Getarian erroldatuta daudenei emango diete lehentasuna. Eskabideak jaso ondoren, aztertu eta sailkatu egingo dituzte, eta zozketa bidez erabakiko dute noren esku utzi kantina ustiatzeko ardura. Hala, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, kantina irekitzeko betebeharra izango du ardura hori hartzen duenak, baita plaza garbitzekoa ere. Eskabideak eta ordutegiak Eskaintzak udalaren sarrera erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, maiatzaren 14a baino lehen, bulegoko ordutegian (09:00etatik 13:00etara). Esleipenerako oinarri guztiak Getariako Udalaren webgune ofizialean, getaria.eus-en, daude ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide