‘Independentismoa berrasmatzen’ hitzaldia izango da gaur Alondegian

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 12a

Getariako Alondegian ariko da hizlari Unai Apaolaza gaur, eta etorkizuna bideratzeko estrategien inguruan jardungo da 19:00etatik aurrera.

Getariako Eskubide Sozialen Kartak antolatuta, burujabetza ekonomikoaren eta politikoaren inguruko hitzaldia emango du gaur Unai Apaolazak. Gaiak interesa sortzen duela iritzita antolatu dute saioa, eta "etorkizunari begira gizarteko pertsonen ongizate indibidual eta koletiborako gako nagusia" izango dela uste dute Eskubide Sozialen Kartako kideek. Hala, "burujabetzara bidean" egin den ibilbidea izango du hizpide Apaolazak. Gaur egungo egoeraren zailtasunen inguruan arituko da ondoren, eta etorkizunera begira garatu beharreko estrategiekin itxiko du saioa. Besteak beste, jorratu beharreko bideaz ariko da, eta aukera ezberdinak jarriko ditu mahai gainean: bide paktatua, aldebakarrekoa edo desobedientzia. Bestetik, aliantzak izango ditu hizketagai hizlariak. Lapiko Kritikoa kolektiboko kide da Apaolaza, batxilergoko irakaslea eta filosofian lizentziatua izateaz gain. Teoria kritikoa eta filosofiaren erabilera sustatzen dituen kolektiboa da, eta gizartearen inguruko eztabaidak sustatzea du helburu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide