Elkano Getariako Arrantzaleen Kofradia.
Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiak 100 urte bete dituela eta, hainbat ospakizun izango dira larunbatean Donostian. Besteak beste, traineruen estropada antolatu dute larunbat eguerdirako.
Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako parte diren herrietako traineruak ariko dira estropadan hiru txandatan, gizonezkoen ontziekin: Getaria, Zarautz eta Mutriku; Zumaia, Donostiarra eta San Pedro; Orio, San Juan eta Hondarribia. Lau luze eta hiru ziabogako estropada izango da. Getariako Arrantzaleen Kofradiako idazkari Josu Ezenarroren hitzetan, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradia bederatzi herrik sortu zuten: "Aurten, kasualitatez, bederatzi herri horiek dute trainerua. Mendeurren bandera bat egiteko aprobetxatu dugu traineru horiekin guztiekin".
Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentearen arabera, arrauna arrantzatik sortutako kirola izanik, estropada antolatzea egokia iruditu zitzaien. Duela ehun urteko arrantzale horiek gogoratu eta omenaldi moduan eskaintzeko antolatu dute. Nolanahi ere, lagunarteko estropada izango da: «Ehun urteko elkartearen armarriarekin egindako bandera jasoko du traineru irabazleak». Urrestiren arabera, begi onez jaso zuten Gipuzkoako kofradiek estropada antolatzearen ideia, eta ilusioz izango dira larunbatean Donostian.
Estropada ez ezik, bestelako ospakizuneko beste hainbat ekitaldi ere izango dituzte larunbatean. Donostiako Aquariumeko auditorioan elkartuko dira kofradia ezberdinetako kideak, eta kofradien ibilbidea laburtzen duen ikus-entzunezkoa eskainiko dute bertan. Ehun urte hauetan izan diren arrantzale guztien omenezko otoitza eta lore eskaintza izango dute ondoren, eta bandera bedeinkatuko dute. Estropadaren ondoren, kofradietko kideen arteko bazkaria izango dute.
Urtean zehar kofradien arteko harremana "ona" dela uste du Urrestik: "Bakoitza bere kabuz irteten da arrantzara, eta lehia profesionala egon badago, hala behar du. Horretaz gain, ordea, Eusko Jaurlaritzak, Madrilek eta Europak ezarritako arrantza kuoten inguruan hitz egiteko elkarte bat dugu. Harreman horretan ez dago inongo arazorik". Kanpaina garaian daude orain kofradiak, eta itsasoan izaten dira. Neguan, ordea, astero elkartzen dira kofradia ezberdinetako kideak.