Sahatsaga kiroldegia berrituko dute Getariako Udalak eta aldundiak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 21a

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak eta Nika Lertxundi Getariako alkateak gaur sinatu dute erreforma abian jartzeko hitzarmena.

Denis Itxaso eta Nika Lertxundi, Getariako udal kiroldegiko frontoian. (Maria Maya Manterola). Getariako udal kiroldegia berritzeko eta egokitzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean Nika Lertxundi Getariako alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak. 246.649,90 euroko aurrekontua dute erreforma lanek, eta horietatik 131.975,80 euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Kiroldegiaren erabilera eta eskaria urtez urte goranzko joeran doala azaldu du Lertxundik. Ondorioz, txiki geratu dira instalazioko zerbitzuak eta aldagelak. 80ko hamarkadaren hasieran eraiki zen Sahatsaga udal kiroldegia, eta hogei urte beranduago, handitze erreforma txiki bat egin zen. Jatorrizko eraikina eraiki zenetik, ia bikoiztu egin da jarduera fisikora eta kirolera zuzentzen den azalera; baina mantendu egin da aldageletara eta zerbitzuetara zuzentzen den eremua. Berritze lanen bitartez lehen solairuko irisgarritasuna hobetu nahi dute, eskailera kiribileko gaur egungo plataforma jasotzailea "desegokia" irizten baitute. Eskaileraren ordez, igogailu bat instalatzea proposatu dute. Getariako Udalak izango du obrak gauzatzeko ardura, eta 2019ko abenduaren 31ren aurretik amaitu beharko dituzte. Alabaina, erreforma lanak aurten hasteko asmoa dute. Itxasoren hitzetan, Getariako herritarrek behar handiak dituzte kirola egiteko, eta kiroldegira modu erosoan eta efizientean iristeko. Diputatuaren arabera, "premiazkoa" da aldagelak berritzea; aldageletako azalera ez baita nahikoa erabiltzaileen eskaria kontuan izanik. Hitzarmenen bitartez, jardun hori eta Getariako kiroldegia "nabarmen" hobetuko duten beste jardun batzuk egin ahal izango direla uste du Itxasok. Herritar guztiek, adina, sexua eta jatorria edozein izanik ere, kirola edo aisialdi jarduerak egiteko instalazio on bat erabili ahal izatea eta haien bizi kalitatea hobetzea lortu nahi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. "Urte batzuk dira kirolegia berritzeko lanak egiteko zeudela; izatez, lan horiek behar beharrezkoak dira, Getarian kirola egiteko baldintzak hobetuko badira eta kirola sustatuko bada. Erabiltzaileen eskariak nabarmen egin du gora azken urteotan, eta, hartara, ezinbestekoa da orain egingo dugun berrikuntza", hala azaldu du Lertxundik. Adierazitako premia horiei erantzun nahi diete, eta kiroldegiko zerbitzu orokorrak pilotalekurantz eta kirol pistarantz lekualdatuko dituzte, harrera lekuaren kokalekua ere aldatuz. Aurrez zerbitzuak daudem eremuarekin eta pilotalekua eta aldagelak lotzen dituen korridorearen eremua erabiliz handituko dute aldagela berriak ezartzeko azalera. Lanen ondoren, 122 metro koadroko azalera izango dute; gaur egun 63 metro koadroko tokia dute. Bestetik, sarrera, harrera lekua eta ataria berrantolatuko dituzte, funtzionamendua hobetu eta igogailua txertatu ahal izateko. Plataforma jasotzailea egokia ez zela aipatzen zen Getariako udal-eraikinetan jarduteko planeko kiroldegiaren atalean, eta konponbide gisa proposatzen zuen lehen solairura iristeko igogailu egokitu bat instalatzea. 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planean biltzen da laguntza hori, eta kirol azpiegiturak birmoldatzea, berritzea, lekuz aldatzea eta ordeztea du helburu planak. Era horretan, planaren bitartez, kirol instalazioak hobetzea, finkatzea eta pertsona guztiek kirola egin ahal izateko sustatzea ahalbidetu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bestetik, instalazioa bera kirol jardueren ohitura berrietara egokitu nahi dute, "gizartearen behar eta ohitura berrietara egokitzen den zerbitzua eskainiz eta erabilera handiagoa eta berdintasunezkoagoa lortuz". Gaur egun dauden ekipamenduak berritzea eta birmoldatzea da aldundiaren lehentasuna, horretarako instalazio berriak eraiki beharrik izan gabe. Getariako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanaren balorazio positiboa egin dute, eta "egungo garai berri hauetan" erakundeen arteko lankidetza abiapuntu izanik, baliabide publikoak modu efizientean eta iraunkorrean erabiltzea beharrezkotzat jo dute biek ere. 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerri eta 567.000 biztanle hartu ditu. 53,8 milioi euroko inbertsioa du guztira, eta 10,6 milioi euroko laguntza bideratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide