Josean Muñoz, Miren Vives, Denis Itxaso, eta Elisa Palomino, urtarrilean Balenciagan. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
Erakusketa aldaketagatik bi hilabetez itxita egon ondoren, larunbatean irekiko dute Getariako Balenciaga Museoa. Cristobal Balenciaga, Moda eta Ondarea erakusketa berria 2019ko urtarrilaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Mende erdia beteko da aurten Cristobal Balenciaga moda diseinatzailearen sorkuntza lanek kaleak eta aretoak utzi eta galeria eta museoetara igaro zirenetik. Gainera, 2018a Ondare Europearraren urtea izendatu izana baliatuko dute diseinatzaile getariarraren lanaren ondare balioari buruz gogoeta egiteko; Parisen, Madrilen, Bartzelonan eta Donostian zituen tailerrek jarduerari utzi ziotenetik. London College of Fashion-eko moda eta museologia irakasle eta komisario Judith Clarkekin aritu dira elkarlanean erakusketa berria osatzeko.
Museoaren 900 metro koadro hartuko ditu erakusketak, eta 80 pieza izango dira ikusgai; horietatik 30 museoan inoiz erakutsi gabeak. Balenciagaren lanen bilakaera erakutsi nahi dute pieza horien bitartez, haren ibilbide profesionala hartzen duen ildo kronologikoan. Erakusketaren estetikak ondare mundua iradokitzen duela aurreratu dute, artxiboak, zaharberritze arloak eta ondarea ikertzeko eta kontserbatzeko espazio profesionalak gogora ekarri asmoz.
Bestetik, erakusketaren eta ikusleen arteko elkarreragina sustatu nahi dute teknologiaren bidez. Piezak zehaztasunez behatzea erraztuko duen 360 graduko digitalizazioa erabiliko dute horretarako, baita lanak teknikoki nola taxutzen diren ikustea ahalbidetzen duen infografien eta gaikako hainbat ibilbide proposatuko dituen aplikazio baten bidez ere.
Etzi aurkeztuko dute erakusketa, eta bertan izango dira Denis Itxaso Kultura diputatua, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Miren Vives Cristobal Balenciaga Museoaren zuzendaria eta Judith Clark.
Ikasleen erreferente
Horretaz gain, 2016an sortutako Balenciaga and the Revolution of the Silhouette izeneko proiektuak moda diseinuko nazioarteko sei eskola entzutetsuenetako irakasleak eta ikasleak bildu ditu. Balenciagaren piezak oinarri hartuta, banakako proiektua garatu dute ikasleek, eta 150 ikasleren proposamen sortzaileen hautaketa bat ere aurkeztuko dute Getariako museoan; maiatzetik aurrera izango da hori, Elisa Palominoren zuzendaritzapean.