Artzape Fest izango da apirilaren 20an Getariako Balenciaga Museoan

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 15a, 10:29

15 euroren truke eskura daitezke sarrerak, Turismo Bulegoan edo ‘kutxabank.es’ webgunean. Gazteak euskal kultura kontsumitzera bultzatu nahi dituzte Artzapeko kideek

Artzapeko Joseba Fuentes eta Manu Jimenez. (Argazkia: Utzitakoa) Artzape Fest izango da apirilaren 20an Getariako Balenciaga Museoan. Izaro (Mallabia), Marlik (Zumaia) eta Nøgen (Donostia)  musika taldeen kontzertuak izango direla iragarri du Artzape Euskara Elkarteak. "Lehenengo aldia da Artzape Fest antolatzen duguna", dio elkarteko kide Joseba Fuentesek. Nolanahi ere, kultur ekimen andana antolatu dute orain arte: "Ekitaldiak egin izan ditugu: Eñaut Elorrieta Getariako Musika Bandarekin, Mikel Markezen kontzertua... urtero zerbait handia egiten dugu, baina aurten bestelako apustu bat egitea zen asmoa". Urola Kosta eskualdean horrelako kontzertu gutxi zeudela iruditzen zitzaien Artzapeko kideei, eta gazteei zerbait berria eskaintzeko asmoz jarri ziren harremanetan musikariekin. "Gazteei euskal kultura kontsumitzeko gauzak erraz jarri nahi izan dizkiegu" aitortu du Fuentesek. Hala ere, "musikaz gozatu nahi duen edonor" gonbidatu dute Artzape Festera. Musikariek "gustura" hartu zuten Artzape Festeko gonbidapena: "Berezia iruditzen zaie Balenciaga Museoan kontzertua ematea. Ikus-entzuleentzat ere gau magikoa izatea nahi dugu". Sarrerak salgai daude dagoeneko: Internet bidez (kutxabank.es webgunean) zein Getariako Turismo Bulegoan bertan eros daitezke, 15 euroren truke. Artzapeko kideek jakinarazitakoaren arabera, 600 sarrera jarri zituzten salgai pasa den ostiralean eta guztiak agortu arte erosi ahal izango dira. Apirilaren 20an ere erosteko aukera izango da guztiak agortuta ez badaude, 20 euroan. Webgunea martxan Hilero kaleratzen dute papereko aldizkaria, baina aspalditik zuten egunerokotasunera salto egiteko asmoa. Otsailaren amaieran abiatu zuten artzape.eus webgunea. "Eguneko albisteak zirenak aldizkarira eramaten genituen, baina oso atzean geratzen ziren batzuetan". Fuentesen hitzetan, egunerokotasunari erantzuten ari dira jada webguneari esker, eta gai sakonagoak lantzeko aukera dute papereko aldizkariaren bitartez. Orain, webgunea eta aldizkaria «elkar elikatzen» asmatu behar dutela uste du euskara elkarteko kideak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide