Getariako Gure Esku Dagok
Herritarron Ituna osatzeko mintegi parte hartzailea antolatu du larunbaterako (martxoak 17). Mintegia, 10:30ean hasiko da, Alhondegian. Saio horretan, erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoiak emateko aukera izango dute getariarrek. "Garai erabakiorra bizitzen ari gara gure herrian eta herritarrok ezin dugu gure iritzia plazaratzeko aukera galdu", azaldu du Getariako Gure Esku Dagok.
Ekainaren 10erako giza kate erraldoia antolatu du Gure Esku Dagok, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz. Giza kate hori Urola Kosta eskualdeko kostan ere egingo da; denera, 201,9 kilometro izango ditu. "Kilometro horietan, sinbolikoki 2019 arrazoi jasoko dira herriz herri erabakitzeko eskubidearen alde. Giza kateak amaiera Gasteizko parlamentua izango du eta bertan utziko ditugu 2019 arrazoiak. Orain, beraz, ararzoi horiek biltzeko ordua da", adierazi du
Getariako GEDk.
Erabakitzeko eskubidearen alde getariarrek dituzten arrazoiak jasotzeko larunbatean egingo duten saioan, talde dinamikak egingo dituzte: "Arrazoiak mahai gainean jarri eta iritzi ezberdinak ezagutuz".
Eman eskua etorkizunari! lelo hartuta egingo dute larunbateko saioa.