Lucia Caram mojak hitzaldia emango du gaur Getarian, Elan-Euskadiren eskutik

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 26a

Elan-Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundeak 25. Jardunaldiak antolatu ditu Getarian, 25 urte bidea eraikitzen lelopean. Horien barruan, bigarren saio bat antolatu dute gaurko: Lucia Caram mojak hitzaldia emango du, 19:00etan, Ulpiano aretoan.

Elan-Euskadiko kideak Lucia Caram mojarekin, Ulpiano Vigilen irudiaren aurrean. (Argazkia: Maria Maya Manterola). Pobretutakoen minaren erantzunkideak izanburupean, hitzaldia emango du gaur Lucia Caram mojak; 19:00etan Ulpiano aretoan. Egungo krisia "drama" bat dela uste du Caramek, nahiz eta "estatutuei esker Euskal Autonomia Erkidegoan inpaktu baxuagoa izan duen". Horrez gain, bizitza duin baten bila dabiltzan migranteek "Europa egozentriko" batekin topo egiten dutela uste du mojak. Egoera horren aurrean, gizarte zibila egiten ari den "lana" aitortu behar dela uste du Caramek. Haren hitzetan, herritarrek konpromisoak hartu eta gobernuak egoera aldatzera bultzatu behar dituzte; ekintza eraldatzaileen bitartez. Bestetik, ezinbestekotzat jotzen du pobreenganako enpatia sentitzea. Gainontzekoen egoeran erantzukizun zuzenik izan ez arren, "konpromisoa globalizatu" behar dela iruditzen zaio Carami.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide