Erabakitzeko eskubidearen alde, Donostia, Bilbo eta Gasteizko Parlamentua lotuko dituen 201,9 kilometroko giza katea egingo da ekainaren 10ean. Getariatik pasako da giza katea, eta bi kilometro beteko dituzte herritarrek elkarri eskua emanda.
Giza kate horren aurkezpena egingo du Getariako Gure Esku Dagok otsailaren 24an, larunbatean, 12:00etan Berdura Plazan. Giza kateari buruzko informazioa banatuko dute bertan, eta giza katean parte hartzeko izena emateko aukera egongo da. Ekimenean parte hartzeko izena ematea "ezinbestekoa" dela ohartarazi dute antolatzaileek, eta "lehenbailehen" egitea gomendatu dute. 5 euroren truke eman ahal izango da, eta bakoitzari zapi bana emango diete; ekainaren 10ean erabiltzeko. Gure Esko Dagoren kamisetak ere jarriko dituzte salgai 10 euroan; bildutako dirua antolaketa gastuetara bideratuko dutela azaldu dute.