2017ko urrian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak egindako batzarrean Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin Ingurumen Diputatu ohiaren kontrako auzia zabaldu zuten, 2013an errauste plantaren proiektua gelditzea egotzita. Erabaki hark ekarritako kostuak euren gain hartzeko eskatu die kontsortzioak: 8,2 milioi euro kalte ordainetan, eta 600.000 euro finantza gastu eta inbertsio galeretan; denera 41 milioi euro. Epaiketa 2018ko irailean izatea aurreikusi dute.
Angula ustelak, zer gertatzen da Euskal Erregimenari aurre egiten badiozu? izenburupean, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini babesa adierazteko elkartasun bira antolatu dute. Astelehenean Getariara helduko da bira, eta hitzaldian parte hartuko dute Intxaurrandietak eta Igor Meltxor kazetaria eta analistak, 19:00etan Alhondigan.
Errauskailua gelditzea "milaka gipuzkoarren erabakia" betetzea dela uste dute Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideek. Haien hitzetan, Errauskailuaren aurka lortu ziren milaka eta milaka sinadurek eta mobilizazioek proiektu errauskailua geratzea eskatzen zuten; eta hala egin zuten Iñaki, Ainhoa eta orduan agintean zeudenek. "Errauskailua edota AHT bezalako eredu kutsakor, txikitzaile eta diru-xahutzaileak zalantzan jarri, geratu eta berriak proposatu eta martxan jartzeko eskubidea dugulako; hori da demokraziaren oinarrietako bat", irizten dute hitzaldiaren antolatzaileek.