Pepita Enbil soprano abeslari getariarra zena omenduko dute Donostian

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 13a, 10:07

Pepita Enbil abeslaria jaio zeneko mendeurrena gogoratuko dute otsailaren 28an eta martxoaren 1ean Victoria Eugenian, eta haren seme Placido Domingo abeslari tenorrak parte hartuko du.

Donostian izan zen larunbatean Placido Domingo tenorra, Pepita Enbilen omenaldia aurkezten. Pepita Enbil (Getaria, 1918-Mexiko, 1994) zarzuela, opereta eta opera abeslaria zena omenduko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, otsailaren 28an eta martxoaren 1ean. Soprano getariarra jaio zeneko mendeurrena gogoratuko dute, eta haren seme Placido Domingo tenorrak parte hartuko du. Otsailaren 28an, Pepita Enbil Getarian jaio zela 100 urte betetzen diren egunean, Donostiako Sasibill konpainiak Sor Navarra zarzuela berrestreinatuko du Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sor Navarra 1938ko abenduaren 7an estreinatu zen lehenbizikoz, Donostiako Victoria Eugenian bertan, eta izan zuen arrakasta ikusita, pasarte guztiak errepikatu zituzten. Oraingo honetan, Ximena Agurto sopranoa, Marife Nogales mezzosopranoa eta Antonio Torres baritonoa dira obraren interprete nagusiak, kantari taldearekin, Sasibill abesbatzarekin eta Iruñeko Hiri orkestrarekin  batera. Eszenografia eta jantziak Iosu Yereguik diseinatu ditu, eta Josean Garciak izan du eszena-zuzendaritza osatzeko ardura. Denak ere, Juan Jose Ocon maisuaren zuzendaritzapean arituko dira, eta emanaldi horren bitartez gogoratuko dute Pepita Enbil sopranoa, zarzuelaren erregina esaten zioten hura. Emanaldia 20:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko sarrerak.donostiakultura.com webgunean. Martxoaren 1ean, berriz, Jose Antonio Sainz Alfaroren Donostiako Orfeoiak Giuseppe Verdiren Requiem meza interpretatuko du, Placido Domingo Pepita Enbilen semeak zuzenduta. Ana Maria Martinez sopranoak, Nancy Fabiola Herrero mezzosopranoak, Arturo Chacon tenorrak eta Nicholas Brownlee baxu-baritonoak hartuko dute parte, eta bertan izango da Verum Orkestra Sinfonikoa ere. Emanaldi honetarako sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai. Euskal Herritik Mexikora Pepita Enbilek hainbat taldetan hartu zuen parte, besteak beste Eusko Abesbatza Orfeoian eta Parisko La Salle Pleyelen. Bartzelonako Liceu antzokian estreinatu zen. Gerra Zibilaren garaian Eusko Jaurlaritzak sortutako  Eresoinka ekimen folklo- rikoan ibili zen, kantari. Gerraondoan, Mexikora erbesteratu zen Enbil. Urte haietan operetako izar bihurtu zen bere senar Placido Domingo Ferrer baritonoarekin batera konpainia bat sortuta, eta Amerika osoan zehar arrakasta handia izan zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide