Nekane Garcia: "Haurren teknologia berrien erabilpena gehiegizkoa da"

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 7a

Zanbuka guraso elkarteak antolatuta, Nola sustatu gure seme-alabengan teknologia berrien eta sare sozialen erabilpen egokia hitzaldia emango du Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioak bihar eta otsailaren 15ean, 18:00etatik 19:30era, Getariako Alondegian. Baikarako hezitzailea da Nekane Garcia.

Nondik sortu da hitzaldiak antolatzeko beharra? Teknologia berrien eta sare sozialen etorrerarekin, familiek gorabehera ezberdinak bizi dituztela agerian geratu da; esate baterako, senideen arteko komunikazioan. Lagun taldeetan, aldiz, kideen artean gertatzen ari ziren gatazka modu berriek ere honetan arreta jartzera bideratu gintuzten. Zein arrisku dituzte teknologia berriek haurrentzat? Erabilpen ezegokiaren arriskuak batez ere kideen artean gertatutakoak dira. Hain zuzen ere, horiek bata besteari mintzeko erabiltzen dira. Horrez gain, identitate digitala eta aztarna digitala zaintzearen beharra dugu. Zeintzuk dira erabilpen egokia egiteko gakoak? Sarean pribatutasunik ez dagoela argi izanda, gure intimitatea ez konpartitzearen ezinbestekotasuna. Zein neurri hartu behar dituzte gurasoek? Arauak ezartzea. Betiere, seme-alabekin adostuak badira hobe, errazago onartzen baitira modu horretara. Gainera, garrantzitsua da arau horiek ez betetzearen ondorioak argi uztea. Esate baterako, erabilpen denborari dagokionez. Zein erabilpen egiten dute gaur egun haur eta gazteek? Egindako erabilpena gehiegizkoa iruditzen zaigu, egunerokoa baita askotan. Gainera, zenbaitetan ez zaio erabilpen hori adinari egokitzen. Esate baterako, sare sozialak erabiltzen dituzten haur askok ez dute horretarako adin nahikoa. Zeintzuk dira ziberjazarpena detektatzeko gakoak? Askotan, ikastalde edota lagun talde batean bizitako eguneroko harremanek eragina izaten dute bizitza birtualean. Horrelako gatazkak errazagoak dira detektatzeko, dispositibo batean gordeak geratzen direlako, eta hori eskura izanda errazagoa izan ohi delako inguruko helduei laguntza eskatzea. Nola egin behar zaio aurre jazarpenari? Egoeran inplikatuta dauden guztien parte hartzea ezinbestekoa bada ere, egoera mingarriarekin bukatzeko ezinbestekoa da ikusleen onarpen eza agerian uztea. Horiek jokaera horrekin bat ez datozela argi utziko balute, bi aldeetatik aurre egingo litzaioke gatazkari: alde batetik, biktimak babesa jasotzen duelako; eta beste aldetik, erasotzaileei beren jokabide ezegokiarekin amaitzea eskatzen dietelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide