Getariako Inauterietako kartel lehiaketak baditu irabazleak

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 2a

Otsailaren 10ean ospatuko dituzte inauteriak, eta urtero bezala, festa iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du udalak. Dagoeneko epaimahaiak eman du irabazleen berri.

46 lan aurkeztu dira aurten Getariako Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketara. Ana Yeregi Iturzaeta Herri Eskolako ordezkariak, Edurne Irigoien Itsasotik Itsasora ipuinen ilustratzaileak, Manuel Fernandes pintura tailerreko irakasleak eta Amets Etxabe Getariako Udaleko Kultura eta Euskara batzordeburuak osatutako epaimahaia atzo arratsaldean elkartu zen, eta dagoeneko eman dute erabakiaren berri. Honakoak dira aurtengo lehiaketako irabazleak: 2-5 urte bitarteko kategorian, Zoe Saenz Gonzalez; LH1etik LH3ra bitartekoan, Lide Uranga Kamio; LH4tik LH6ra bitartekoan, Ekhiñe Kerexeta Rey; DBHkoan, Aingerua Aizpurua Mancisidor; eta, helduen kategorian, Beñat Gereka Bikuña eta Asier Illarramendi Etxabe. Otsailaren 10ean sarituko dituzte edizio honetako irabazleak. Bestalde, aurkeztutako lanak udaletxean egongo dira ikusgai otsailaren 5etik 12ra. Irabazi ez duten egileek erakusketa itxi eta 15 egunera eskuratu ahal izango dituzte kartelak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide