Asteazkenean egindako ohiko udalbatzarrean onartu zuten 2018ko Getariako udal aurrekontua. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
Iker Azkue Ogasun zinegotziak asteazkeneko udalbatzarrean azaldutakoaren arabera, 3.662.488 euroko udal aurrekontua izango du Getariako Udalak 2018an. Iazkoa baino baxuagoa izango da aurrekontua, baina inbertsioetan %25eko igoera izango duela jakinarazi zuen zinegotziak.
Zehazki, 530.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Diru partidari dagokionez, kiroldegiaren eraberritze lanek izango dute pisu gehien; hain justu, 300.000 euro bideratuko dituzte. Aurreko urteetako joerari jarraiki, herribideen konponketei 78.000 euro eskainiko dizkiete. Berrikuntza lanak "nahiko aurreratzea” edo “amaitzea” espero dute aurten.
Ongizatea, aldiz, “lehentasunezko gaia” izango da; 314.500 euroko diru partidarekin. Iazkoarekin alderatuz, %17ko igoera izango du. Azkueren hitzetan, mankomunitatera bideratutako diru kopuru baten igoera da arrazoi nagusia. Nolanahi ere, zerbitzu sozialetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere inbertituko dute; azken honetan iaz baino 10.000 euro gehiago. Baztertze arriskuan dauden familientzako izango da ongizate arloko gainontzeko diru partida.
Parte hartzearen atalari 8.800 euro emango dizkiote, eta “aurreko urteetako dinamika berarekin” jarraitzea izango da asmoa. Hala, hileta zibilak egiteko ordenantzen parte hartze prozesua eta udalaren parte hartze ordenantzen osaketak finantzatuko dituzte.
Memoria historikoaren atalean, aldiz, Aranzadirekin elkarlanean jarraituko dute; hirugarren urtez. Hala, 1936 eta 1945 urteen artean izan ziren giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte. Horretaz gain, naufragioak dokumentatzeko lanketa egingo dute.
Elkanoren Mundubira 500 proiektuaren bueltan antolatutako turismo ekintzei 10.000 euro eskainiko dizkiete. Bestalde, bigarren urtez, 25.000 euroko ekarpena egingo diote mendeurrena ospatzeko sortutako fundazioari.
Diru-sarreretan, hondakin sistema berriaren kudeaketa mankomunitateak izango duenez, ez du sarrerarik edo gasturik izango udalak. Bestalde, Balentziaga kaleko sei aparkaleku saltzeko aurreikuspena egin dute. 106.500 euroko diru-sarrera izango luke udalak, aurreikuspenak gauzatuz gero. Hala ere, aurretiaz aipatutako inbertsioek diru-laguntzak ere izango dituztela nabarmendu zuen Azkuek; osotara, 200.000 euro baino gehiago.
Aurrekontuaren proposamenarekin amaitzeko, udalaren egoera finantzieroa aipatu zuen Azkuek. 2006 eta 2008 urteetan Getariako Udalak eskatutako mailegua ordaintzen ari direla gogorarazi zuten: “Aurten 153.600 euroko partida bideratuko dugu horretara. 2018 abenduaren amaieran 1,3 milioi eurokoa izango da zorra, aurreikuspenak betetzen baditugu”. Hala, zorraren ordainketaren erdia baino gehiago ordainduta geratuko litzatekeela nabarmendu zuen Azkuek.
Beraz, EH Bilduren aldeko 7 botorekin eta EAJren 2 abstentziorekin, behin behinean onartuta geratu dira Getariako Udaleko aurrekontuak. EAJren udal taldeko Aitor Urresti bozeramailearen arabera, berandu iritsi da udal aurrekontuaren bozketa. Horretaz gain, EAJ “aurrekontua ikertzen” ari dela azaldu zuen, eta alegazioak planteatuko dituztela iragarri zuen.