Getariako EH Bildu udaleko dirua "xahutzen" ari dela salatu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 30a

Aitor Urresti EAJren udal taldeko bozeramailearen arabera, udalaren finantza egoera okerrera doa EH Bilduk Udal Gobernuan jarraitzen duen urte bakoitzeko. Urrestiren hitzetan, 2015ean 142.856,26 euroko gain-kostuarekin itxi zuten urtea; eta eta 2016a, 109.791,63 eurorekin. 2017ko egoera ere "bide beretik" doala uste du.

Argazkia: Getariako Udala. Azken bi urteetan Getariako udalaren kutxako diruak %36,2an behera egin duela azaldu du EAJren ordezkariak, eta inbertsioetan ez ezik, eguneroko jardunean "xahutu" dutela uste du. Zaborren tasaren igoera jarri du adibide gisa: "2016an, zaborren tasa %30 igo zigun getariarroi EH Bilduren gobernuak, beraiek egindako gestioagatik 140.000 euroko zuloa baitzuen zerbitzuak. Hor ere, getariarrok gure poltsikotik ordaindu behar izan dugu". Bestalde, Getariako udal idazkariak ere hainbat dokumentutan udalaren egoera finantzieroaren inguruko datuak jaso dituela azaldu du EAJk. Udalaren "inbertsio gastua baliabideak gainditzen" hasi dela eta "hasierako aurreikuspenak betetzen ez direla" diote;  eta, horren aurrean, aukerak baliabideetara egokitzea edo zergak igotzea dela esan dute teknikariek. Azkenik, EH Bilduren "kudeaketa txarra" salatu du Urrestik: "Agerikoa den eran, EH Bilduren kontuak fikziozko diruarekin betetzen dira. Zenbakiak jartzeagatik jarrita, aurrez azterketarik egin gabe. Ondorioz, herritarren dirua jarri behar hori estaltzeko, sinesgarritasun oro galduz eta kudeaketarekiko duten gaitasun eza azaleratuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide