25 urtez, begirada gai sozialetan

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 24a

Gai sozialak lantzen ditu 200 kide baino gehiago dituen Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak. Jardunaldi batzuen bueltan sortu zen taldea, eta ibilbide oparoa izan du ordutik.

Iñaki Aranberria eta Juan Mari Aranguren Elan-Euskadiko kideak, Getarian duten egoitzan. (Argazkia: Maria Maya Manterola) Duela 25 urte hainbat gobernuz kanpoko erakundetan zebiltzan kideak batu ziren Getaria eta hirugarren mundua izeneko jardunaldiak antolatzeko. Horien artean zen Ulpiano Vigil Escalera mediku getariarra. "Getariatik kanpo beste bizimodu batzuk bazeudela erakustea zen asmoa. Bestalde, Getariako Udalak diru partida bat jartzea nahi genuen kooperaziorako. % 0,7a zen eskatzen genuena", azaldu du Juan Mari Aranguren Elan-Euskadiko kideak. Eskakizun horiek kristautasunarekin lotzeko joera zegoen orduan: "Hori moztu nahi genuen. Elizak lan hori egiten du herrialde askotan eta ondo egiten du, baina ez da elizaren kontua soilik". Pixkanaka, baina inguruko herrietako udalak kooperaziora bideratutako partidak jartzen hasi ziren. Hiru urte geroago sortu zuten ibilbide oparoa duen Elan-Euskadi erakundea. "Proiektu txiki egingarri batzuei heldu genien, eta Nikaraguarekin, Kubarekin eta Mexikorekin hasi ginen lanean". Lehenengo jardunaldi haietatik zabaltzen joan ziren talde haren helburuak, eta gai sozial andana landu dute ordutik. «Ez dugu kooperazio arloa kanpora begira soilik landu, hemen bertan pobreziarekin lotuta ditugun arazoei ere heldu diegu». Besteak beste, etxegabeen afera, arrazismoa eta giza eskubideak izan dituzte ardatz. Nikaraguan Los Pipitos izeneko adimen urriko haurren erakunde batekin dute egun lankidetza. "Hemen pertsona batek urritasunen bat badu leku zehatza du. Nikaraguan, ordea, erakunde bakarra dute eta ez daude espezializatuta", adierazi du Arangurenek. Baina ez da Nikaraguan duten egitasmo bakarra; beka unibertsitarioen proiektua ere badute, Elan-Euskadiren sortzaileetako baten omenez Ulpiano Vigil  izena daramana. Arangurenen hitzetan, ikasketak egitea ahalbidetzen die indigenei Vigilek sortutako bekak: "Dirua arazoa den kasuetan, ikasketa unibertsitarioak egiteko aukera ematen du. Ulpianoren izenean jarraitzen dugu egitasmoarekin, haren oroimenez". Venezuelan, aldiz, haur indigenek ikasketak egin ahal izateko lanketa bat ere badute martxan; eta Kolonbian, emakumeekin lotutakoa.  Behar batzuei erantzuteko martxan jarritako proiektuak dira guztiak: "Entzun egiten diegu, eta horren arabera saiatzen gara dirua lortzen", dio Iñaki Aranberriak. Egitasmoak dituzten herrietara ere bidaiatzen dute, beren lanari jarraipen zuzena egiteko. 200 kide inguru batzen dira egun Elan-Euskadiren bueltan. Getariarrak dira gehienak, baina badira Espainia estatu mailako kideak ere. Aipaturiko egitasmoak aurrera eramateko talde bana dute, baita sentsibilizazioa lantzeko beste talde bat ere. Astean bi aldiz elkartzen dira, eta bertan planteatzen dituzte antolatu daitezkeen hitzaldi, mahai inguru eta jardunaldiak. Horrez gain, Gipuzkoako GKEn Koordinadoran parte hartzen dute Elan-Euskadiko kideek. Dituzten egitasmoei eustea da gaur gaurkoz duten erronka nagusia: "Diru laguntzen bidez finantzatzen ditugu proiektuak, eta urtero aurkeztu behar izaten dira. Momentuz, esku artean ditugun horiekin jarraitzea dugu asmoa", aitortu du Arangurenek. "Aurten 25 urte egin ditugu, ea beste horrenbeste egiten ditugun. Ez gara berdinak izango, baina ea beste batzuk honetan jarraitzen duten". Aranberriak, aldiz, Vigil du gogoan erakundea sortu eta 25 urtera: "Ez zaigu ahazten Ulpiano Vigilek egindako lana". ‘DSBE-RGI ‘ gaiaz mahai ingurua antolatu dute 25 urte bidea eraikitzen izeneko XXV. jardunaldiak antolatu ditu Elan-Euskadik, Getariako Udalaren laguntzarekin. Cristobal Balenciaga Museoan elkartuko dira gaur, 19:00etan. DSBE/RGI oinarrizko behar pertsonal eta familiarrei aurre egiteko prestazio ekonomikoa izango dute mintzagai, hiru legebiltzarkideren eskutik. Hain justu, Nerea Kortajarenak (EH Bildu), Amaia Agirrek (EAJ), eta Laura Garridok (PP) parte hartuko dute. Moderatzaile  Iñigo Lamarka Ararteko kide ohia ariko da. Lehenbizikoz, hiru emakumeren eskutik eztabaida saio interesgarria izango dela nabarmendu dute. Laguntza nola eta zergatik sortu zen, eta gaur egungo egoera zein den aztertuko dute Balenciagan: nor den laguntzaren onuraduna, ongi definitua dagoen eta onuradunengan dituzten ondorioen inguruan ariko dira. Hemendik aurrera DSBE/RGI prestazioa nolakoa izan beharko litzatekeen hausnartzeko beta ere hartuko dute. Hala, mahai ingurura bertaratzen direnek gaiaren inguruko iritzi osatuago bat izatea nahi dute Elan-Euskadiko kideek. DSBE laguntzaren inguruan gezur asko esan direla uste dute, eta egia zer den jakin nahi dute. Bide batez, alderdi politiko bakoitzak duen iritzia jakiteko baliatuko dute mahai ingurua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide