Txakolin berria eta bisigu errea, otordu ezin hobea

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 18a

Bisigua janez ospatzen dute hainbat getariarrek San Anton eguna. Mahastizaina da Uxune Areizaga, eta uzta berriko txakolina dastatu ondoren, elkartean izaten du 22 laguneko bazkaria

Uxune eta Arantxa Areizaga, bisigua eskuan dutela. (Argazkia: Maria Maya Manterola). San Anton, bisigua al monton. Hala dio esaera zaharrak, eta bada literalki betetzen duenik Getarian. Ohiturari jarraiki, elkarteak, jatetxeak eta sukaldeak bisiguz betetzen dira San Anton egunez. Usotegi baserrikoa da Uxune Areizaga, mahastizale familia batekoa. Akarregi auzoan dago Usotegi, eta hainbat upategi dituzte inguruan. Ohitura dute San Anton egunean mahaiaren bueltan familia bildu eta bisigua jateko. 11:00etarako bertaratzen dira aurrez lekua hartu duten elkartera, eta prest uzten dituzte zizka-mizkak. Txakolin uzta berria dastatzera joaten dira gero, eta 15:00etarako bueltatzen dira berriz ere elkartera. Parrilan erretzen dute bisigua, eta olio frijitua botatzen diote ondoren. Plater nagusia bisigua izan arren, antxoa, hegaluzea, urdaiazpikoa eta otarrainxkak ere izaten dituzte otorduan, eta, nola ez, Getariako Txakolinarekin laguntzen dute bazkaria. Mahastizainen eguna "Urteko egunik onena" da Areizagarentzat San Anton eguna: "Baserritarrak gara, mahatsa zaintzen dugu, eta San Anton egunez urteko lehenengo txakolina dastatzen dugu. Guretzako egun berezia da". Txakolina egiten zuen Areizagaren aitonak ere, eta mahastizaina da gaur egun bera. Abendutik urria bitartean egiten du lan mahastian Areizagak. "Etxerako txakolina beti egin izan dugu, eta San Anton txakolinaren festa izanik, familian ospatzen dugu. Baserritarren eguna da San Anton, baina kalean ospatzen dugu, bisigua janez", azaldu du. Areizagak familian bazkaltzen du duela urte askotik, baina bada lagunartean bazkaltzen duenik ere. Areizagaren hitzetan, komeriak izaten dituzte urtero elkartean familia osoarentzako lekua hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide