Irudietan: Getaria, txakolinez blai

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 17a

San Anton egunean, 2017ko uztako txakolina aurkeztu du Getariako Txakolina jatorri izendapenak. Haimar Zubeldia eta Unai Agirre izendatu dituzte Mahasti Jaun

San Anton egunez, Getariako Txakolina jatorri izendapenak uzta berria aurkeztu du herriko frontoian jarritako karpan. Ekitaldian parte hartu dute Nika Lertxundi Getariako alkateak, Ruth Mozo jatorri izendapeneko idazkariak eta  Emilio Ostolaza presidenteak, upategietako ordezkariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Getariako Txakolina jatorri izendapena sortu zenetik, sektorea heldutu eta profesionalizatu egin dela nabarmendu du Mozok. Haren hitzetan, Gipuzkoako ekonomiaren eta gastronomiaren "motore" da txakolina. Eskerrak eman dizkie Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako ekonomia garapen eta azpiegitura sailburuak upategi eta mahastizale guztiei. Txakolina hemendik aurrera edango den arren, mahastizaleek egunez egun egindako lana goraipatu du bere hitzartzean. Nazioarteko salmenten bidea jarraitzea garrantzizkotzat jo du sailburuak, eta horretan jaurlaritza bidelagun izango dutela azaldu du. Haimar Zubeldia eta Unai Agirre, Mahasti Jaun Aurten izendatutako Mahasti Jaunetako bat mahastizaleen lanekin pareka daitekeela azaldu dute jatorri izendapenetik: "Isilekoa da eguneroko lana, baina ordua iristen denean maila eman beharra dago. Horrela lor ditzakezu garaipenak." Horrelaxe aurkeztu zuten Haimar Zubeldia 20 urtez profesionala izan den txirrindularia, eta hala uste du berak ere. Haren hitzetan, txakolina ekoizten dutenekin identifikatuta sentitu da hainbatetan: "Nik ere sentitu izan dut gogoa, sakrifizioa eta pasioa". Euskal Sagardo elkarteko teknikaria da Unai Agirre, bertsolaria izateaz gain. Sagardoa eta txakolina elkarren konpetentzia izatetik hurrun, elkarren bidelagun direla nabarmendu dute jatorri izendapenetik. Sagardoa eta bertsolaritza goratu nahian izendatu dute Unai Agirre Mahasti Jaun. Bertsotan eskertu die Agirrek: Eskerrik asko gehitxo ez al zan hau / nik egindako azañan / bertsolariak ibiltzen gera / orain hemen eta orain han / nere bihotza erdibitua / eramango det kanpainan / ta txakolina famatuko det / sagardotik nator bainan / bakoitza bere garaian eta / bakoitza bere tamainan. Gure Txeru eta Gazte Alaiak-en eskutik aurreskua jaso ondoren  iritsi da San Anton egunaren muina: uzta berriko botilen irekiera. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako nekazaritza, arrantza eta elikagaien politikako sailburuordea, Peli Manterola Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza eta landa garapeneko  zuzendaria, Nika Lertxundi Getariako alkatea eta Getariako Txakolina izendapeneko upategietako ordezkariak igo dira oholtza gainera, 2017ko uztako txakolinarekin topa egitera. [flickr_set id="72157662729915147"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide