Txakolin dastaketa, iazko uztaren aurkezpenaren ondoren. (Argazkia: Aiora Larrañaga).
Igandean hasi zituzten San Anton jaietako ekitaldiak, bertso jaialdiarekin. Ekintzak urtarrilaren 21a bitartean antolatu dituzte, baina festetako egun handia bihar ospatuko dute, San Anton egunez. Aurtengo Getariako Txakolinaren uzta berria aurkeztuko dute, eta, ohi bezala, dastatzeko aukera ere izango da.
Urtero legez, gastronomiaren, euskal kulturaren eta txakolinaren alde lan egin duten pertsonak edo eragileak omenduko dituzte; aurten Zarauzko bizilagun Haimar Zubeldia eta Unai Agirre hernaniarra izendatuko dituzte Mahasti Jaun. Zubeldiak iaz hartu zuen erretiroa, 20 urtez txirrindulari profesional gisa aritu ondoren. Agirre, berriz, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistetako bat da, Euskal Sagardoa jatorri deiturako teknikaria izateaz gain. Omenaldiaren ondoren, topa egingo dute Zubeldiak eta Agirrek Getariako Txakolinako ordezkariekin eta hura osatzen duten arduradunekin zein askotariko erakunde publikoetako kideekin.
Alabaina, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte. Ohiko bertso saioa izango da eguerdian balkoitik balkoira, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin. Arratsaldean, herri kirolek hartuko dute frontoia, eta Kupela taldeko Zabale eta Larrañagak itxiko dute San Anton eguneko egitaraua, udaletxeko balkoitik eskainiko duten emanaldiarekin.
Batez beste, 3,4 milioi botila ekoiztu dituzte upategiek uzta berriarekin
Getariako Txakolinetik azaldu dutenez, iaz 3.784.000 kilo mahats jaso zituzten, eta, batez beste, 3,4 milioi botila ekoiztu dituzte. Mahats biltzea irailaren bigarren hamabostaldian hasi zuten, eta urriaren 15ean amaitu. "Eguraldi onari esker, mahats biltzea modu mailakatuan egin zen. Bildutako mahatsa kalitatezkoa izan da, eta honekin, batez beste, 11 graduko txakolina egitea eta ahoan txakolin orekatua izatea lortu da, tokiko ezaugarria mantenduz", jakinarazi dute. Txakolin zuria da ekoiztutakoaren %92a, eta gorria ia gainontzeko guztia, txakolin beltzaren ekoizpena «anekdotikoa» izanik. Ondarrabi Zuri mahats barietatea da nagusi aurtengo uztan: mahastien %95ean aurkitzen den mahats barietate zuria.
Gaur egun, 33 dira Getariako Txakolina osatzen duten upategiak; Zarautzen zazpi, Aian hiru, Beizaman bat, Getarian hamabi, Orion bat, Alkizan bat, Arrasaten bat, Deban bat, Hondarribian bat, Mutrikun bat, Oiartzunen bat, Olaberrian bat, Oñatin bat eta Villabonan bat aurkitzen dira, hain zuzen ere.
2016arekin alderatuz, 2017ko salmentak % 3,5ean hazi direla jakinarazi dute. Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa da oinarrizko merkatua, ekoizten denaren %80a kontsumitzen baita bertan. Madrilera eta Bartzelonara esportatzen dute %10a, eta gainontzekoa atzerrian saltzen dute. Salmenten hazkundea ez ezik, esportazioak ere hazi egin dira; % 2an, alegia.