Martxan da Getariako Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 11

Otsailaren 10ean ospatuko dituzte inauteriak, eta urtero bezala, festa iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du udalak.

Otsailaren 10ean ospatuko dituzte inauteriak, eta urtero bezala, festa iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du udalak. Getariarrei zuzendu diete deialdia, eta urtarrilaren 29ko arratsaldeko 19:00ak arte jasoko dituzte proposamenak, udaletxean edo udal liburutegian. Lanek Getariako Inauteriak 2018 testua eraman beharko dute, eta A3 neurrian egin behar direla zehaztu dute. Parte-hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere, eta epez kanpo ez dute lanik jasoko. 5 kategoria izango ditu lehiaketak: bi urtetik bost urte bitartekoena, LH 1etik LH 3ra bitarteko ikasleena, LH 4tik LH 6ra bitartekoena, 12 urtetik 15era bitarteko gazteena eta 16 urtetik gorakoena. Kultura Batzordeak, herriko artistek eta herri eskolako irakasleek osatuko dute epaimahaia, eta lanak jasotzen dituzten astean bertan hartuko dute erabakia. Saritutako kartelek Getariako Inauterietako egitaraua iragarriko dute, eta udalaren esku geratuko dira. Aurkeztutako lanak udaletxean egongo dira ikusgai otsailaren 5etik 12ra. Irabazi ez duten egileek erakusketa itxi eta 15 egunera eskuratu ahal izango dituzte kartelak.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide