Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskualtxetan joatekoa zen beilatokiaren proiektua landuta zutenean, Getariako Udalak diru laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Orain, jaurlaritzak atzera bota du orduan adostutakoa, beilatokia beste kokapen batean eraikitzen ari direla argudiatuz. Udal Gobernua desados agertu da jaurlaritzaren erabakiarekin, eta helegitea jarri du dagoeneko.
Udal Gobernuaren esanetan, herriko beste proiektu batzuetako kokapena ere aldatu izan da, eta horrek ez du ondoriorik izan diru laguntzetan. Hala ere, "azken urteetako kudeaketa onari esker", beilatokia eraikitzeko nahikoa diru dagoela nabarmendu dute. Herritarrentzat zerbitzu onuragarria dela uste dute, eta proiektuarekin aurrera egiteko erabakia hartu dute.
Otsailerako amaituta
Duela bi hilabete jarri zuen udalak beilatokia hilerrian eraikitzeko proiektua abian. Erosotegi enpresari esleitu zioten proiektua, eta otsailaren amaierarako amaituta egotea espero dute.
Hasiera batean Eskualtxetako lokalerako landu zuten proiektua kokapen berrirako egokitu zuten, eta horrek aurrekontuan bere eragina izango zuela aitortu zuen Udal Gobernuak. Hala ere, espazio gehiago izango zituela eta herritarrentzat erosoagoa izango zela azaldu zuten. Getariarrei herrian bertan zerbitzu hori eskaintzeko helburuarekin jarri zuten proiektua martxan.